Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, datorren astelehenean, otsailaren 21ean, 08:00etatik aurrera, irekiko dute berriz Arlabango mendatea, GI-627 errepidea, era guztietako ibilgailuentzat, 15 tona arte.
Abendutik errepidea konpontzen
"Joan den abenduaren 11n GI-627 errepideko 24,630 KPan (Arlabango mendatea) gertatutako lerradura zela eta, errepidea zirkulaziorako itxita geratu zen mendatearen 19,300 eta 27,200 KPen arteko errepide zatian. Orduz geroztik egiten ari diren larrialdi-lanen aurrerapenak bide ematen du ibilbide hori zirkulazio arin eta astunarentzat (15 tonaraino) zabaltzeko", adierazi dute Aldunditik.
Gaur egun egiten ari diren egonkortze lanen ondorioz, tarte horretan arreta jartzea gomendatu dute, "batez ere 24,600 KParen inguruan; zirkulaziorako errei bakarra egongo da, eta semaforoekin arautuko da".