Neurri murriztaileen egokitzearen, ziurtagiria eskatzea baztertzearen eta musukoa kanpoaldean erabiltzeko derrigortasuna kentzearen erdian, egoera epidemiologikoaren datuak eguneratu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Oro har, eta eskualde guztien abiadura ezberdina den arren, behera doaz datuak Hego Euskal Herrian. Alderik ilunena, beste behin, heriotzena da: 157 pertsona hil dira azken astean.
Debagoienari erreparatuta, adierazgarria izan da azken asteko jaitsiera; hots, 1.076tik 569ra, ia erdira jaitsi dira hautemandako kasu berriak. Pasa den astean ez bezala, herri guztiek egin dute behera.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Abendutik gertu
Kasu gutxiago hautemateak intzidentzia-tasaren beherakada dakar ondorio gisa. Eta grafikoei so eginez gero, erraz atzeman liteke bilakaera. Uneotan, 2.538,23an dago bailarako tasa, eta abenduaren lehen hamabostaldiko erregistroetara hurbiltzen ari da. Egueneko eguneratzetik, 501 puntuan jaitsi da balioa.
157 hildako
Erietxeetako zein ZIUetako bilakaera bide beretik doa; ez, ordea, hildako kopuruarena. Gaur-gaurkoz, 781 herritar daude Osakidetzan eta Osasunbidean ospitaleratuta, pasa den astelehenean baino 136 gutxiago. ZIUetan, aldiz, 16 herritar gutxiago daude (117) urtarrilaren 30arekin alderatuz gero (133).
Hildakoen kasua bestelakoa da, joerak ez baitu jarraikortasunik. Aste honetan 157 pertsona hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian; seigarren olatuko bigarren asterik beltzena izan da. Urtarrilaren 10etik 17rako astea izan zen okerrena (177), eta pasa den astekoa, berriz, hirugarren txarrena (133).