Egubakoitz goizean Osasun Sailaren agindua EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bertan behera geldituko da Covid Ziurtagiri Digitalaren erabilera. Hala erabaki du eguen arratsaldean Iñigo Urkulluren gobernuak.
Eusko Jaurlaritzak ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra arte luzatzeko eta beste hainbat esparrutara zabaltzeko egindako eskaerari martitzenean eman zion erantzuna EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Ukatu egin zion baimena, kutsatzeak ekiditeko egiaztagiriaren eraginkortasuna "behar bezala" argudiatu ez izana egotzita.
Neurri "kontrajarriak"
Ondorioz, martitzenenetik gaueko aisialdian eta 50 lagunetik gorako jatetxeetan soilik zen beharrezkoa ziurtagiria. Bada, araudiak "kontrajarriak" zirela eta "osasun egoerak hobera egin duela" iritzita, ziurtagiriaren erabileraren neurria aplikatzeko eskumena zuten eremuetan ere bertan behera uzteko erabakia hartu du Jaurlaritzak. Hori horrela, azaroaren 17an indarrean jarritako neurriak otsailaren 3an izango du amaiera.