Gaur goizean bildu dira Espainiako Osasun Ministerioko eta autonomia erkidegoetako ordezkariak. Egoera epidemiologikoaren bilakaeraren azterketa eginda, eta azken egunetan iragarritako neurri murriztaileen arintzeen bidetik, indarrean dauden arauen hiru egokitzapen adostu dituzte.
Alde batetik, edukiera mugei dagozkion bi neurri aldatu dituzte. Musukoa erabiltzea zein edatearen, jatearen edota erretzearen debekuak indarrean jarraituko duten arren, kanpoko kirol ekitaldietan %75etik %85era handitu dute edukiera muga, eta %50etik %75era, aldiz, espazio itxietakoa. Bestetik, pasa den eguenean Carolina Darias Espainiako Osasun Ministroak aurreratutako neurria berretsi dute: eguenetik aurrera kanpoaldean musukoa erabiltzea ez da nahitaezkoa izango, jende pilaketak daudenean erabiltzeko gomendioa izango den arren.
Abstentzioa
Bihar sinatuko du musukoa kentzearen dekretua Dariasek, eta eguenean Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzen den unetik aurrera ez da baitezpadakoa izango. Autonomia erkidego guztiek aldeko botoa eman diote araudi aldaketari, batek salbu; Eusko Jaurlaritza abstenitu egin da bozketan.