Justiziak ukatu egin du ziurtagiriaren erabilera luzatzea

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 1a, 12:43

Atzo fiskaltzak Covid Ziurtagiri Digitala otsailaren 13ra arte luzatzea baina eremu gehiagotara ez zabaltzea iradoki arren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak ukatu egin du Eusko Jaurlaritzaren eskaera. Ondorioz, uneotan soilik gaueko aisialdian eta 50 pertsonatik gorako jatetxeetan dago ziurtagiriaren araua indarrean.

Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak gaur eguerdian eman du Eusko Jaurlaritzak Covid Ziurtagiri Digitala otsailaren 13ra arte luzatzeko eta zabaltzeko egindako eskaeraren inguruko ebazpena. Fiskaltzak atzo egindako eskaerari jaramon egin gabe, ukatu egin du eskaera.

Urtarrilaren 31ra arte zegoen ezarrita aztergai zen neurria; abenduaren 14an auzitegi berak onartutakoa, alegia. Kontzertu-areto eta erabilera anitzeko aretoetan, ostalaritza eta jatetxe guztietan, kiroldegi, gimnasio zein barruko beste espazioetan edota ospitaleetan ziurtagiria eskatzea behartzen zuen araudiak. Iñigo Urkulluren gobernuak araua luzatzea zuen helburu, bai eta erabilera zabaltzea ere.

Bada, neurri hori gelditu da indargabetuta, baina ez abenduaren 5ean indarrean jarritakoa. Hau da, gaueko aisialdian eta 50 pertsonatik gorako jatetxeetan indarrean jarraitzen du araudiak, eta epe-muga zehatzik gabe, gainera. Euskal Herriko Agintaritza aldizkariaren arabera, EAEko intzidentzia-tasa 150etik beherakoa izan arte dago ezarrita araua.

Jaurlaritza "ez dator bat"

Astearteroko Gobernu Bilera osteko prentsaurrekoan ziren Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailea eta Gotzone Sagardui osasun sailburua justiziak ebazpena argitaratu duenean. Kazetariek galdetu arren, ez dute erabakiaren inguruko baloraziorik egin nahi izan, gobernuak balorazio bateratua egingo zuela iritzita.

Bada, arratsaldean ohar bidez adierazi dutenez, Jaurlaritzak erabakia "errespetatu" arren, "ez dator bat" ebazpenarekin. Beren hitzetan, "ez dute ulertzen" zein den abenduaren 14ko neurriak luzatzea baztertzearen eta abenduaren 5ean indarrean sartu zen araudiari eustearen arteko "logika". Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoak ebazpena aztertzen ari omen dira, "egin beharreko urratsak baloratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak