'Covid ziurtagiria'-ren erabilera luzatzea eskatuko du Jaurlaritzak

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 27a, 18:20

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du Covid ziurtagiria derrigorra izan dadin gura duela otsailaren 13ra arte behintzat. Eta hori ahalbidetzeko, baimena eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari. Ziurtagiria eremu gehiagotara zabaltzea ere gura du.

Abenduaren 4tik dago indarrean pasaportea aisialdiko eta dantzan egiteko hainbat tokitan, besteak beste, diskoteketan, dantzalekuetan, musika-tabernetan eta  50 lagunetik gorako jantokietan. Eta ondoren, abenduaren 15etik aurrera, beste eremu batzuetara zabaltzeko baimena eman zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, hala nola, ospitaleetara, egoitzetara, kiroldegietara, gimnasioetara eta kultura-ikuskizunetara. Baimen hori urtarrilaren 31ra artekoa da, eta orain, Jaurlaritzak erabaki du luzatzeko eskaera egitea. Ildo beretik, Covid ziurtagiria-ren derrigortasuna beste espazio batzuetara ere zabaldu gura du Jaurlaritzak, hoteletara, turistendako ostatuetara eta joko-aretoetara, hain zuzen ere.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki beharko du urtarriletik aurrera indarrean jarraituko duen pasaportearen derrigortasunak eta leku gehiagotara zabalduko den.

Nafarroan ere indarrean dago Covid ziurtagiria. Nafarroako Gobernuak baimena eskatuta dauka ziurtagiria zein neurri murriztaileak otsailaren 14ra arte luzatzeko.

Labiren bilera bihar 

Bestetik, Iñigo Urkullu buru duen Labiren Aholku Batzordeak bilera egingo du bihar arratsaldean, neurri murriztaileen gainean erabakitzeko. Izan ere, abenduaren 28an hartutako neurriek bihar dute iraungitze data. Horrek ez du esan nahi, baina, desagertu egingo direnik. Batzorde zientifiko teknikoak gomendatuta, lehendakariak dagoeneko aurreratu du "neurriak mantentzearen alde" egingo duela biharko bileran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak