'Covid Ziurtagiri Digitala' eskatzen hasiko dira gaurtik aurrera gaueko aisialdi gune eta jatetxeak

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 4a, 08:59

Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren aholku batzordeko bileraren hasieran egin zuen hitzartzean adierazi zuen "ziurtagiria erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea" dela Eusko Jaurlaritzaren helburua. Babes juridikoaren faltan, gaurtik aurrera 50 pertsonatik gorako jatetxeetan eta, 22:00tik aurrera, diskoteka, dantzaleku, musika taberna eta karaokeetan eskatuko dute soilik.

Eguen arratsaldean osasun larrialdi egoera aktibatzeko dekretua sinatu ostean, atzo arratsaldeko 16:30etik aurrera bildu zen lehen aldiz LABI batzorde berria. Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaurre publikoarekin eman zitzaion hasiera saioari; bilera bera, baina, pribatua izan zen, eta ostean ez zuten adierazpenik egin batzartuta izan ziren erakundeetako ordezkariek.

Lehendakariak gaurtik aurrera aplikatzen hasiko den neurri bakarra iragarri zuen: gaueko aisialdi guneetan eta jatetxeetan Covid Ziurtagiri Digitala eskatzen hasiko dira. Zehazki, 50 pertsonatik gorako jatetxeetan eta diskoteka, dantzaleku, musika taberna eta karaokeetan -22:00tik aurrera- erakutsi beharko da ziurtagiria. Gaur bertan argitaratu du Jaurlaritzak buletina, eta indarrean dago jada neurria.

Gainontzeko espazioak

Argi mintzatu zen Urkullu: "Ziurtagiria erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua". Bide horretan, eta Jaurlaritzak bere gain dituen eskumenei erreparatuta, ezinbestekoa du babes juridikoaren beharra espazio berrietan ziurtagiriaren beharra aplikatzeko. Bere hitzetan, LABIan zuten aztergai "espazio itxietako ekintzetan, publikoa zutik dagoen ekintzetan, kirol ekintzetan, jatetxeetan zein ospital eta zaharren egoitzetako bisitetan", besteak beste, neurria ezartzea. Hala erabakiz gero, bilera amaitzean galdegingo zioten justiziari.

Gizarteari mezua

Uneotan, bost ardatz ditu Eusko Jauritzak egoera epidemiologikoa aztertzeko eta pandemiari aurre egiteko oinarri: txertaketa, ziurtagiria, prebentzio neurriak, osasun baliabideak eta osasun larrialdi egoerak eskaintzen dizkien eskumenak. Horietatik harago, baina, gizarteari zuzendu zen Lehendakaria, "indarrean dauden neurriak betetzea nahitaezkoa" dela esanez eta "denon zuhurtzia, konpromisoa eta ahalegina ezinbestekoak" direla adieraziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak