COVID ziurtagiria eremu itxi gehiagotara zabaltzea onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko abe. 14a, 14:30

(Argazkia: Goiena)

Eusko Jaurlaritzaren eskaera onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak salbuespen batekin; aire libreko kirol ekitaldietan ez da ziurtagiria eskatuko. Hala, ostalaritzako eremuetara, ospitale eta zentro soziosanitarioetara, zahar etxeetara, kiroldegietara, kultura-ikuskizunetara eta espetxeetara sartzeko COVID ziurtagiria erakutsi beharko da eguaztenetik aurrera.

Aipatutako eremu itxi horietan eskatuko da dokumentua, betiere azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa bada.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia, eta ez dio helegiterik aurkeztuko aire libreko kirol instalazioetan ziurtagiria ezartzeko debekuari. Honenbestez, bihar bertan sartuko da indarrean.

Eremu hauetan eskatuko da COVID ziurtagiria:

1. Kontzertu-areto eta erabilera anitzeko aretoetan edo bestelako espazio itxitan, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten badira.

2. Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, bankete-aretoak barne, dantzatzeko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua edozein dela ere.

3. Kiroldegi, gimnasio eta barruko beste espazioetan, jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten denean, kirolarientzat, laguntzaileentzat eta publikoarentzat.

4. Ospitale eta zentro soziosanitarioetan, baita espetxeetan ere, bertan daudenak bisitatzera joaten direnentzat.

 

Salbuespenak

Jaurlaritzaren eskaeran zehazten da bi herritar taldek ez dutela ziurtagiria aurkeztu beharko: 12 urtetik beherakoak eta lanean ari diren establezimenduetako langileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak