Honela, aurreko aste hondarraren eta oraingoaren hasieraren artean Bixente Etxeandiaren oroimenezko txapelketa jokatu da Aretxabaletan. Hiru egunez, 2011 eta 2013 artean jaiotako 500 neska-mutiko ibili dira futbolean: Mondra, Bergara, Aloña Mendi, Elorrio, Lazkao eta Eibarkoak, hain zuzen ere. UDAko kideak pozik geratu ziren behin txapelketa amaituta, baldintza zailak izan arren, hartu beharreko neurri denak hartuta, txikiei lagun artean ondo pasatzeko aukera eman eta helburua beteta.
Arizmendiren nesken txapelketa
Aretxabaletan bertan, gaur jokatzekoa zen Emakumezkoen Gabonetako torneoa bertan behera geratu zen, Debagoieneko selekzioaren kontra ari behar zuen Realaren bigarren taldeko positiboengatik. Kategoria txikietako nesken txapelketa, hori bai, jokatu zen atzo, Arizmendik antolatuta hori ere. Alebin, infantil eta kadete mailetako jokalarientzat izan zen, eta, Debagoienekoekin batera, Lagun onak, Anaitasuna, Tolosa eta GoierriGorri izan ziren lehiatu ziren taldeetako batzuk. 21 taldek jardun zuten denera nor baino nor gehiago, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten, ezarritako neurriak errespetatuta, eurek nahi bezala joan zelako txapelketa, eta jokatzeko aukera izan zutelako neskek.
Txelis txapelketa, Arrasaten
Gaur, azkenik, infantil mailako Txelis txapelketa jokatu da Arrasaten, Mondrak antolatuta. 2009an jaiotako gaztetxoz osatutako hamasei talde aritu dira bertan, Debagoieneko klubetakoekin batera, Beasaingoak, Elorriokoak, Debako Amaikak Bat eta Reala. Giro polita izan da Mojategin.