UDAko kirol koordinatzaile Iker Arriolabengoak seguruenik arnasa hartu du Bixente Etxeandia txapelketako azken garaikurra banatu dutenean. Hiru egunez 500 neska-mutiko ibili dira futbolean jokatzen, eta azken egunotako egoera ez da izan batere erraza. Aurten 2011 eta 2013 urte arteko Mondrako, Bergarako, Aloña Mendiko, Elorrioko, Lazkaoko eta Eibarko gazteei egokitu zaie txapelketan esku hartzea, etxekoekin batera, eta helburu nagusia bete dutela nabarmendu du Arriolabengoak: "Egungo egoera kontutan hartuta txapelketa asko geratu dira bertan behera, eta ulertzekoa ere bada. Guk, baina, segurtasun neurriak zorroztuta, eta Realak duela egun gutxi antolatu duen txapelketa bateko erreferentziak hartuta, aurrera egitea erabaki dugu. Multzoa eta taldeak ez ditugu nahastu, ez ditugu aldagelak erabili, gurasoendako toki batzuk mugatuta zeuden, maskara erabili dugu... Eta gero, malguak izan gara. Esaterako, azken orduan talde batzuetan hutsuneekin geratu badira, eta egon dira azken ordukoak, ez dugu arazorik jarri jokalari batek bi taldetan joka zezan. Azken batean, helburu nagusia gainontzeko gauza guztien gainetik lehenetsi dugu, eta da, neska-mutikoek Gabonetako egun hauetan futbolean jokatu ahal izatea".
2013an jaiotakoen kategorian Lazkao A izan da onena, 2012an jaiotakoen artean UDA Akoak nabarmendu dira eta nagusienen artean (2011) Arrasate D taldekoak izan dira onenak. Meriturik kendu barik, egia da kategoria txikietan halakoak nabarmentzeak ez duela aparteko garrantziarik. Eta are gutxiago aurten, irabazi ala galdu, parte hartu ahal izatea inoiz baino garrantzitsuagoa izan denean.