Positiboen konfinamendua zazpi egunera murriztea adostu dute

Mireia Bikuña 2021ko abe. 29a, 17:07

Emakume bat, konfinatuta.

Erkidegoek eta Osasun Ministerioak "aho batez" hartu dute erabakia, gaur egindako Osasun Publikorako Batzordean. Era berean, zazpi egunekoa izango da kontaktu estua izan eta txertatu gabe daudenen isolamendua ere. Aurrez araututa dagoen gisan, kontaktu estua izandako txertodunek ez dute berrogeialdirik egin behar. 

Hainbat izan dira azken egunetan Omnicron aldaeraren kutsakortasun mailari kontra egiteko hartutako neurriak: urteko azken Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, kutsatu, kontaktu zein ospitaleetako prozeduretan eragina duten bost neurri berri iragarri zituen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; edukiera eta ordutegi muga berriak ezarri zituen LABIk; eta COVIDaren sintomak izan edo etxean egindako antigeno test batean positibo eman dutenentzat jarraibide berriak eman zituen Osakidetzak.

Itxialdian eman beharreko egun kopuruan egindako aldaketa izan da azkena: aurrerantzean, COVID-19an positibo ematen duten herritarrek zazpi egunez soilik egin beharko dute konfinamendua eta, gainera, itxialdia amaitzeko ez dute beste PCR proba bat egin beharko.

Txertoa hartu ez eta positibo batekin harremana izan dutelako itxialdia egin behar dutenei ere eragingo die neurriak: kasu horretan ere zazpi egunekoa izango da etxean igaro beharreko denbora, hamarrekoa beharrean. Txertoa hartu eta negatibo ematen dutenek, berriz, ez dute zertan itxialdia egin beharko, orain arte bezala.

Protokoloak eguneratu bezain pronto jarriko dute neurria indarrean, eta orain konfinatuta daudenek 10 egun egin beharko dituzte. Bihartik aurrerako positiboek zazpi. 

Murrizketak, estadioetako edukieretan ere

Gaur arratsaldeko batzarrean, kirol ekitaldi jendetsuetako edukierak murriztea ere adostu dute: kanpoan, %75ekoa izango da baimendutako gehienezko edukiera -aire librean, ez zegoen mugarik orain arte-; eta barruan, berriz, %80koa izatetik %50ekoa izatera pasako da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak