ALBISTEAK

Etxean positibo emandakoentzat eta sintomadunentzat, jarraibide berriak

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko abe. 29a, 13:43

Lehen arreta gainez eginda dagoela-eta, COVIDaren sintomak izan edo etxean egindako antigeno test batean positibo eman dutenentzat jarraibide berriak eman ditu Osakidetzak. Sintoma arinak dituztenei, arrisku talde batean egon ezean, eskatzen diete osasun zentrora ez joateko eta ez deitzeko.

Ondorengoa adierazi du Osakidetzaren Lehen Arretako arduradun Susana Martinek goizean Radio Euskadi-n egin dioten elkarrizketan: “Komeni zaigu osasun zentroetako lineetarako lehentasuna izatea sintoma larrienak dituztenek. Ikusten ari gara, aldaera honekin, batez ere txertatutako pertsonek, sintoma arinak dituztela, eta herritarrei esan nahi diegu kasu horietan etxean bakartuta egon daitezela, euskadi.eus webguneko sintomen galdetegia bete dezatela, eta SMSa bidaliko diegula proba diagnostikoa egiteko hitzorduarekin. Etxean egin dutenen kasuan ere, Osakidetzan berriro egingo diegu”. 

Bakartu, galdetegia bete eta Osakidetzan testa egiteko hitzordua jasoko dute, beraz, SMS bidez.

Osakidetzaren proban positibo eman baina sintoma arinak dituzten pertsonei osasun zerbitzuak ez die jarraipen proaktiborik egingo. Autozaintza egin beharko dute: atseden hartu, likido asko eran, paracetamola edo ibuprofenoa… Ez dute Osakidetzatik deirik jasoko: “Pertsona horiei ez diegu deituko. Deituko diegu txertatu gabeko pertsonei, inmunoeskasia dutenei, haurdunei, 70 urtetik gorakoei arrakala digitalagatik eta gaixo kronikoei”.

Arnasa hartzeko arazoak, sukarra hiru egun baino gehiagoz, jatea ere eragozten duen eztula edo atsedena galarazterainoko buruko mina izanez gero, adibidez, bai, orduan bai, jo osasun zentrora.

Osakidetzaren proban positibo eman ostean, bestalde, gaixoak berak eman behar die horren berri aurreko 48 orduetako bere kontaktu estuei, haiek ere hasieran esandako galdetegia bete eta SMS bidez proba diagnostikoa egiteko hitzordua jaso dezaten. Kasu honetan, kontaktu estuen kasuan, aldea dago txertatutakoen eta txertatu gabekoen artean. Kontaktu estu direla dakiten unetik konfinatu egin beharko dute txertatu gabekoek; txertatuek, ordea, ez.

Osakidetzaren jarraibideetan beste aldaketa bat da lanerako baja ere Internet bidez tramitatu ahal izango dela, sintoma arinak izan eta osasun zentrora joan beharrik ez dutenen kasuan: “Kasu arinetan gehienak jende gaztearenak, aktibo, lanean dagoen jendearenak dira. Kasu askotan ez dute osasun jarraipenik beharko, sintomak arinak izateagatik, baina, bakartu beharragatik, beharko dute lanerako baja agiria, eta hori eskatzeko ere galdetegi bidez egin ahalko dute, behin positiboa baieztatzen denean”.  

Radio Euskadin goizean egindako elkarrizketan Susana Martini galdetu diote ez ote diren, gainera, txertatu gabeak Osakidetzaren partetik lehentasunezko arreta jasotzen ari, haiei bai, jarraipen proaktiboa egingo diela-eta COVIDean positibo emanez gero. Hauxe izan da bere erantzuna: “Hor ez gara sartuko, justua den edo ez esaten. Guk herritar denak artatu behar ditugu, eta badakiguna da, gaur gaurkoz, txertatuta ez dauden pertsonek arrisku handiagoa dutela. Beraz, galdera aprobetxatuko dut txertatu ez diren pertsonak animatzeko, mesedez, berriro pentsa dezaten eta txertatzea plantea dezaten. Konplikazioetarako arrisku handiagoa dute eta hori ikusten ari da ospitaleratzeetan eta ZIUetan”.

Informazio gehiago eta aipatutako galdetegiak eta eskaerak egiteko bideak euskadi.eus helbidean aurki daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak