Goizean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak kutsatu, kontaktu zein ospitaleetako prozeduretan aldaketak iragarri ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak hartutako neurri murriztaileak eman ditu jakitera. Ordutegi eta edukiera mugak izan ditu hizpide, eta "datorren orduetan" argitaratuko den buletinean jasoko dira; orduan sartuko dira jarraibide murriztaileak indarrean.
Lehendakariaren hitzetan, pasa den astean Espainiako erkidegoetako presidente eta lehendakarien artean izandako batzarrean proposatu zituen neurriak, eta onartu ez arren, inguruko erkidegoetako buruek ezarritako "neurri berdintsuak" dira LABIk gaur onartutakoak. "Omicronen kutsakortasuna, garaiotako mugikortasun eta harreman sozialen hedatzea eta txertatu gabekoen eragina" dira, Urkulluren hitzetan, neurri hauek ezartzera heldu behar izateko hiru arrisku faktore nagusiak.
Neurriak, banan-banan
Horiei aurre egiteko, honakoak dira Euskal Autonomi Erkidegoan bihartik eta urtarrilaren 28ra bitarte indarrean egongo diren neurriak:
- Ordutegiak: ekintza sozial, kultural edo komertzial oro 01:00rako amaituta egon beharko da.
- Urtarrilaren 1 eta 6a: goizeko 08:00an ireki ahal izango dira establezimenduak.
- Barruko ekintzak: %60ko eta 600 pertsonako gehienezko edukiera establezimendu mota guztietan.
- Kanpoko ekintzak: 800 pertsonako gehienezko edukiera.
- Ostalaritza: ezin izango da zutik kontsumitu. Horrez gain, establezimenduen barruan zein kanpoan gehienez 10 pertsona eseri ahal izango dira mahai berean, jatetxetan barne.
- Kirol jarduerak: barruko jarduerak gehienez 10 pertsonako taldetan egin beharko dira. Aldagelek %50eko edukiera izango dute.