Bost neurri berri, prozedurak egokitu asmoz

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 28a, 13:15

Urteko azken Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan kutsatu, kontaktu zein ospitaleetako prozeduretan eragina duten bost neurri berri iragarri ditu Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Egoera ikusita, "lehentasunak eta komunikazio kanal berriak ezartzea ezinbestekoa" dela adierazi du. Laburbilduz, galdetegi berria bete beharko dute sintomak dituzten herritarrek, antigeno probak ugarituko dira, probak egiteko puntu gehiago izango dira, arakatzaile gehiago kontratatuko dituzte eta lehen mailako arreta webgune bidez kudeatu ahal izango da hainbat kasutan.

Hainbat daturekin ekin dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Jaurlaritzako Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoko hitzartzeari. Atzo 6.568 kasu berri atzeman ziren EAEn, intzidentzia-tasa 2.285 kasutan da, 357 ospitaleratu dira uneotan, eta horietatik 111 daude ZIUetan.

Eta "Omicron aldaeraren kutsagarritasuna eta interakzio sozialaren eragina" ikusarazteko, bi datu gehitu ditu: azken astean antigeno testetan positibo eman duten 3.000 hitzordu baino gehiago eskatzen dira egunero, eta webgunearen bidez egunean 10.000 galdetegi baino gehiago betetzen dira kontaktu estu gisa. "Kutsatu eta ospitaleratuen arteko erlazioa ezberdina den arren, ospitaleetako presioa handia da, batez ere lehen mailako arretan zein arakatzaileetan".

Bost berrikuntza

Bide horretan, eta Gobernu bileran hala adostuta, "herritarren artean lehentasunak eta komunikazio kanal berriak ezartzea ezinbestekoa" dela esan du sailburuak. "Lehentasuna" duten taldeak helduak, haurdun daudenak, pertsona zaurgarriak eta txertatu gabeak dira, gainerakoek "txertoaren eraginez sintoma gutxi" izan ohi dituztela argudiatuta; ondorioz, azken hauei Osakidetzak ez die "jarraipen aktiboa" egingo. Komunikazio kanaletan, webgune bidezko kanalak indartzeko hautua egin dute.

Bost dira kutsatu, kontaktu zein ospitaleetako prozeduretan eragina duten neurri berriak:

  1. Sintomak dituzten herritarrek hitzordua eskatzeko, galdetegi berriak izango dira eskuragarri gaur bertan euskadi.eus atarian.
  2. Antigeno probak ugarituko dira Osakidetzan, emaitzak epe laburragoan izateko.
  3. Probak egiteko tarteko puntuak egokituko dira, txertaketarekin egin bezala.
  4. Arakatzaile sarea indartuko da.
  5. Lehen mailako arretako hainbat zerbitzu euskadi.eus webgunearen bidez kudeatu ahal izango dira. Esaterako, positibo direnen kasuan baja eskatzea.

Lau adibide edo kasu jarri ditu Osasun sailburuak herritarrei prozedura berriak azaldu asmoz.

  • Sintomak dituen herritarra: bakartu, galdetegia bete, eta azken 48 orduetako kontaktuen zerrenda prestatu.
  • Positibo eman duen herritarra: SMS bidez emaitza jasotzean, bertan adierazitako argibideak bete. Bakartu, lehen sintomak izan direnetik 48 ordu atzera egondako kontaktuei abisua pasa, eta galdetegia betetzeko eskatu. Osasun egoera okertzen bada, Osakidetzara deitu.
  • Txertatuta dagoen eta kontaktua den herritarra: hitzordua eskatu webguneko galdetegiaren bidez, eta proba egin. Ez da etxealdirik egin behar, baina bai prebentzio neurriak indartu.
  • Txertatu gabe dagoen zein dosi bakarra duen eta kontaktu den herritarra: 10 eguneko etxealdia egin behar du ezinbestean. Lehen proba egin ostean, bigarren proba bat egiteko hitzordua jasoko du zortzi egunera SMS bidez.

Hirugarren dosia

Txertaketa kanpaina ere izan du hizpide Sagarduik, eta adierazi du 5 urtetik zein 50 urtetik gorako herritarrek jada hartu dezaketela, ohiko bideetatik, lehen dosia zein errefortzu ziztada jasotzeko hitzordua, hurrenez hurren.

Neurri murriztaile berriak

Osasun sailburuak zein Eusko Jaurlaritzako bozeramaile den Bingen Zupiriak arratsaldeko LABIren batzordea ere izan dute hizpide. Neurriak zeintzuk izango diren iragarri ez duten arren, Zupiriak aurreratu du "orokorrean" bat etorriko direla beste erkidego batzuetan hartu direnekin, eta Eusko Legebiltzarrean onartutako legeen baitan, "ez dituztela oinarrizko eskubideak urratuko". 16:30ean izango da aipatutako bilera, eta 18:00rako espero da Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak