Goiz osoko lana izan zuten zabortegian. Lurgintzak Landa Garapenerako elkartearekin batera antolatuta ondo joan zen bilketa. Entrega orduak aurrez finkatuta zeuden, eta iritsi ahala ilara egin zuten erabiltzaileek. Zerbitzua ordaindu izanaren ziurtagiria erakutsi ostean igotzen ziren txandaka artilea pilatzeko zabalgunera. Debagoienekoak izan ziren erabiltzaile gehienak, baina gerturatu ziren Debabarrenako zenbait ere.
Artzainak disgustura
Etsita batzuk eta haserre beste batzuk, artzainak ez daude oso gustura bilketa zerbitzuak azken urteotan izan duen bilakaerarekin. Uste dute bilketak auzoz auzokoa beharko lukeela eta doakoa.
Landa Garapenerako elkartean, ostera, artilearen balorizazioan dihardute lanean; izan ere, lehengai garrantzitsua izatetik hondakin izatera pasa da artilea, eta horri buelta eman nahian dabiltza. Hainbat lan lerro dituzte zabalik.