Artile bilketa eguna izan da gaur Debagoienean; 47 erabiltzaile gerturatu dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 23a, 16:48
Artile bilketa, gaur, Epeleko zabortegian.

Artzainak kexu dira. Azaltzen dute aspaldi ez dela auzoz auzo egiten zela bilketa, eta doan. Gaur egun, ordea, artilea norberak eraman beharra izateaz gainera zerbitzua ordaindu egin behar dutela diote.

Martxan da 2021eko artile bilketa, Gipuzkoan. Gaur izan da Debagoieneko txanda, eta Epeleko zabortegian zuten hitzordua artilea entregatzeko eskaera egin duten 47 lagunek.

 

Goiz osoko lana izan dute Epelen. Entrega orduak aurrez finkatuta zeuden eta iritsi ahala ilara egin dute erabiltzaileek Epeleko zabortegi atarian. Zerbitzua ordaindu izanaren ziurtagiria erakutsi behar izan dute bertan. Ondoren, txandaka joan dira igotzen artilea pilatzeko zabalgunera.

 

Lurgintzak Landa Garapenerako elkartearekin batera antolatuta ondo joan da artile bilketa. Debagoienekoak izan dira erabiltzaile gehienak, baina gerturatu dira Debabarrenako zenbait ere. Landa Garapeneko Mari Carmen Iturbek azaldu du aurreko astean hasi zirela Gipuzkoako artile bilketarekin. "Astelehenean Goierriko artile bilketa egin zen Idiazabalen, eta hurrengo Tolosaldekoa Berastegin. Urola Kostakoa Azpeitian egingo da, eta gaur Debagoienekoa da Epelen". Gipuzkoan bildutako artilea Artaxoako konpost plantara eramango dute. "Pena da bertako konpost plantan halakorik egiterik ez izatea", esan du.

 

Artzainak kexu

 

Etsita batzuk eta haserre beste batzuk, artzainak ez daude oso gustura zerbitzuarekin. "Auzoz auzo egin beharko litzateke bilketa. Kanpanzar puntaraino debalde ekarri behar dugu artilea, eta gainera zerbitzua ordaindu behar dugu", azaldu du Oñatiko Jose Mari Itziarrek. "Ez da logikoa. Bilketak izan beharko luke auzoka, gutxienez. Garai batean horrela zen. Gero eta okerrago goaz. Ekarri egin behar badugu gutxienez debalde izatea eskatzen dut", esan du. 80 bat ardi dituela esan du, eta ia 60 euro ordaindu dituela Epeleraino ekartzeaz gainera.

 

Antzerako iritzia du Araotz auzoko Jose Ramon Ibabek. "Bigarren urtea da artilea ekartzera etortzen garela. Duela hiru urte Eskoriatzako pabilioi batera eraman behar izan genuen, baina ez genuen ezer ordaindu ", adierazi du. 60 bat euro ordaindu ditu aurten. "Ez daukagu beste irtenbiderik. Baserritik gertuago entregatzerik balego, hobeto", esan du.

 

Artilearen balorizazioa

 

"Oraintxe esan dit artzain batek duela 50 urte 100 bat pezeta jasotzen zituztela artilearengatik", adierazi du Landa Garapeneko Mari Carmen Iturbek. "Beste diru iturri bat zen etxean. Koltxoiak eta ehunak egiteko erabiltzen zen orduan artilea, eta lehengai preziatua zen. Propietate handiak ditu, gainera. Baina fibra sintetikoekin hondakin bihurtu dugu".

 

Artilearen balorizazioan lanean dihardutela azaldu du. "Ternuak, esaterako, aterata dauka jantzi bat bertako artilearekin eginda eta beste hainbat balorazio lanketa egiten ari gara. Kooperazio proiektu asko ditugu martxan, baina oraingoz ez daukagu ezer dagoen artile kopuru guztia kudeatzeko. Ea lortzen dugun artilea hondakin izatetik berriz ere lehengai preziatua izatera pasatzea".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak