ALBISTEAK

Debagoienean 32 positibo zenbatu dira azken orduetan

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 30a, 12:47

Hamaika kasu berri erregistratu dira Arrasaten, zortzina Aretxabaletan eta Oñatin, lau Bergaran eta bat Aramaion. Guztira, pandemia hasi zenetik 8.623 debagoiendar kutsatu dira, eta azken hamalau egunetako intzidentzia-tasa metatua 870,24koa da –aurreko egunean baino 23 puntu gutxiago ditu–.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Atzo baino hamahiru positibo gutxiago erregistratu dira bailaran, halere, oraindik intzidentzien-mapak ez du kolorerik aldatu. Tasa orokorrari dagokionez, herenegun 893,39ko intzidentzia izan zuen eskualdeak, eta atzo, berriz, 870,24koa; behera egin du.

Hurrengo mapan daude herrietako datu guztiak:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

EAEko intzidentziak, behera

Gutxi bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du azken orduetan (-1,36); halere, oraindik 868,93koa da. Gogoratu behar da osasun adituen gomendioei jarraituz, 60tik behera egotea komeni dela.

Lurraldetako tasei erreparatuta, Araba eta Gipuzkoan beherakada erregistratu den arren, Bizkaiko tasak gora egiten jarraitu du, eta 920ra iritsi da:

Eta adinen araberako intzidentzietan, ia 2.000ra iritsitako marrak –19 eta 39 urte artekoenak– beheranzko joera argia hartu du. Gainerako adin-tarteetan, aldaketa ez da hain nabarmena izan:

Eta positibo berriei lotuta, 11.799 probatatik %11ek eman zuen positibo atzo EAEn; lurraldeka banatuta, 776 kasu erregistratu ziren Bizkaian, 388 Gipuzkoan, 131 Araban eta 20 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Horrela banatu ziren positiboak, adin-tarteetan:

  • Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.

Bestalde, oinarrizko birsorkuntza datuak behera egiten jarraitu du: 0,94koa da. Honako hau da R0 adierazlearen bilakaera, pandemia hasi zenetik:

Ospitaleetako okupazioak, gora

Ospitaleetan, aurreko egunean baino bi lagun gehiago daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan –guztira, 62– eta hamar gehiago plantan. Orotara, 304 dira EAEn ospitaleratuta daudenak –aurreko astean baino 75 gehiago– eta atzo ingresatutakoak 55 izan ziren.

Nafarroan, %13,9ko positibotasuna

2.752 proba egin ostean, 383 kasu baieztatu dira Nafarroan; testen %13,9k eman du emaitza positiboa. Bestetik, erietxeetan 128 lagun daude ingresatuta eta horietatik 21 daude ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak