Maddi Arrieta Laka: "Bizitza duinaren aldeko sindikalgintza dugu helburu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko eka. 18a, 08:42

LAB sindikatuko Deba eskualdeko delegatuak Arrasaten batzartu ziren eguaztenean. Ikasturtearen balorazioa egiteko eta Ekintza Sozialeko Komunitatea aurkezteko elkartu ziren. Komunitate berriko kide da Arrieta (Donostia, 1993).

Ikasturtearen balorazioa egin duzue. Urte gogorra izan da?

Sentsazioa hori da, bai. Maila pertsonalean bereziki gogorra izan da, eta lan eremuan ere oso intentsua. Askotariko gatazkak izan ditugu, eta askotariko eremuetan. Aurretik zetozen arazo batzuk gehiago azaleratu dira, eta badira, baita ere, pandemiak azkartu dituen krisiak. Hor daude enplegu suntsiketaren gatazka, zerbitzu publikoen desegitea... Halakoek dakarten odolusteari aurre egin beharko diogu, gainera. Esaterako, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak amaitzen direnean.

Hala, abian duzue Ekintza Sozialeko Komunitatea. Zer da?

Hausnarketa potolo batetik datorren ekimena da. Orain arte, lan eremuan kokatu izan dugu sindikalgintza, eta une honetan ulertzen dugu lanak, kapitalak edo sistema kapitalista heteropatriarkalak bizitzaren askotariko esparruetan erasotzen gaituela. Erasotuak gara, merkantilizatuak, salgai bihurtuak... Eta zapalkuntza horien aurrean erantzun beharko genukeen sindikatu bat izan beharko genukeela erabaki genuen. Eztabaida potoloa da, baina gure helburua da bizitza duinaren aldeko sindikalgintza egitea. Horretarako ari gara sortzen Ekintza Sozialeko Komunitatea. Sorrera fasean da, eta dagoeneko bagara 400 bat lagun. Debagoienean ere jaso du erantzuna. Izenematea zabalik da webgunean. LABetik sortutako espazio bat da, baina ez LABeko kideendako soilik, baizik eta ekintza sozialean sinisten duen zein gogoa eta indarra horretan jartzeko asmoa duen edozeinentzako. Bidea oraindik egiteko daukagu eta egitekoa badaukagu.

Sorrera fasean lehen topaketa batzuk egin dituzue, ezta?

Bai. Elkar ezagutzeko eta lehen hartu-emanak izateko egin ditugu Irun-Hendaian, Basaurin, Gasteizen, Atarrabian... Espektatibak partekatzeko espazio irekiak izan dira. Pentsatzen dugu komunitateak aktiboa izan behar duela, parte-hartzailea eta kolektiboa. Iritziak eta ikuspegiak ere une oro eraldatzen eta testuingurura egokitzen joango direla pentsatzen dugu. Ikusten dugu indibidualizaziorako joera handitu egin dela, geroz eta zatituago gaudela, elkartzeko beldurra dagoela... Eta lan eremuan zein lan eremutik kanpo gertatzen da hori. Horri aurre egiteko unea iritsi dela uste dugu, eta ideia oso interesgarriak atera dira. Berritzailea den bateren bat ere atera da.

Hain zuzen ere, lehen ekintza Irun eta Hendaia arteko mugan egin duzue. Maskara beltzak jantzita zeharkatu duzue muga hainbat lagunek.

Gure ustez, manifestazio hori ekimen garrantzitsua izan da bizi baldintza duinen aldeko borrokan. Jatorri aniztasunaren problematika gizarte osoaren erronka bat da, eta langileok ekarpen handia dugu egiteko. Hori da komunitate horrek eduki behar duen helburu nagusietako bat, bai langile migratu asko dauzkagulako, bai langileen arteko elkartasuna erein behar dugulako. Irun-Hendaian bizitzen ari garen errealitatea oso gordina da. Ikusarazten eta salatzen saiatu gara; betiere, bertan egunero lanean diharduten eragileekin elkarlanean eta haien adostasunarekin. Erronka handia izan da. Muga inposatuak ditugu, eta orain, inoiz baino militarizatuagoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak