Askotariko bizitza esparruetara helduko den sindikalgintza egin gura du LABek

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko eka. 16a, 15:29
LAB sindikatuko Deba eskualdeko delegatuak, gaur, Arrasaten.

LAB sindikatuko Deba eskualdeko delegatuak Arrasaten batzartu dira gaur. Ikasturtearen balorazioa egin dute eta horrekin batera Ekintza Sozialeko Komunitatea aurkeztu dute.

Ikasturte gogorra izan da honakoa. Hori da gaur egindako balorazioa. "Maila pertsonalean bereziki gogorra izan da, eta lan eremuan ere oso intentsua. Askotariko gatazkak izan ditugu, eta askotariko eremuetan. Aurretik zetozen arazo batzuk gehiago azaleratu dira, eta badira, baita ere, pandemiak azkartu dituen krisiak. Hor daude enplegu suntsiketaren gatazka, zerbitzu publikoen desegitea... Halakoek suposatzen duten odolusteari aurre egin beharko diogu, gainera. Esaterako, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak amaitzen direnean", azaldu du LABeko kide Maddi Arrieta Lakak.

Ekintza Sozialeko Komunitatea

Batzarra baliatu dute sorrera fasean den Ekintza Sozialeko Komunitatea izeneko egitasmoa aurkezteko. "Hausnarketa potolo batetik datorren ekimena da. Orain arte, lan eremuan kokatu izan dugu sindikalgintza, eta une honetan ulertzen dugu lanak, kapitalak edo sistema kapitalista hetero-patriarkalak bizitzako askotariko esparruetan erasotzen gaituela. Hala, gure helburua da bizitza duinaren aldeko sindikalgintza egitea. Horretarako ari gara sortzen Ekintza Sozialeko Komunitatea. Sorrera fasean da, eta honezkero bagara 400 bat lagun. Debagoienean ere jaso du erantzuna. Izen-ematea zabalik da webgunean. LABetik sortutako espazio bat da, baina ez LABeko kideendako soilik, baizik eta ekintza sozialean sinisten duen zein gogoa eta indarra horretan jartzeko asmoa duen edozeinentzako", azaldu du Arrietak.

Sorrera fasean lau topaketa egin dituzte. Hain zuzen ere, Irun-Hendaian, Basaurin, Gasteizen, eta Atarrabian. Espektatibak partekatzeko espazio irekiak izan direla azaldu dute. "Ikusten dugu indibidualizaziorako joera areagotu egin dela, geroz eta zatituago gaudela, elkartzeko beldurra dagoela... Eta lan eremuan zein lan eremutik kanpo ematen da hori. Horri aurre egiteko unea iritsi dela uste dugu".

Lehen ekintza Irun eta Hendaia arteko mugan

Hain zuzen ere Irun eta Hendaia arteko mugan egin dute lehen ekintza. Maskara beltzak jantzita zeharkatu zuten muga hainbat lagunek. "Gure ustez manifestazio hori ekimen garrantzitsua izan da bizi baldintza duinen aldeko borrokan. Jatorri aniztasunaren problematika gizarte osoaren erronka bat da, eta langileok ekarpen handia dugu egiteko. Hori da komunitate horrek eduki behar duen helburu nagusietako bat bai langile migratu asko dauzkagulako bai langileen arteko elkartasuna erein behar dugulako. Irun-Hendaian bizitzen ari garen errealitatea oso gordina da. Ikusarazten eta salatzen saiatu gara beti ere bertan egunero lanean diharduten eragileekin elkarlanean eta haien adostasunarekin. Erronka handia izan da. Muga inposatuak ditugu, eta orain inoiz baino militarizatuagoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak