Jarduerak, gauerdira arte
Tabernak eta jatetxeak 00:00etan itxi ahal izango dira –momentu honetan baino bi ordu beranduago– eta ostalaritzakoak ez diren gainerako establezimenduek eta eta jarduerek ere gauerdira arte luzatzeko baimena izango dute. Halaber, arau berriak garraio publikoari ere eragingo dio; azken zerbitzua ematen duten ibilgailuen irteteko ordua 00:00ak artekoa izango da.
Aisialdian, hamar lagun gehienez
Aisialdiko taldeak gehienez hamar lagunekoak izan ahalko dira eguaztenetik aurrera; betiere, taldeak "egonkorrak" direla bermatzen bada. Neurri honek udalekuei eta gisa horretako jarduerei ere eragiten die; ez ordea ostalaritzari. Horrekin lotuta, gogoratu behar da biltzeko mugari dagokionez, bertan behera geratu zirela gehienezko pertsona mugak alarma egoera eten zenean.
Tabernetan, salbuespena bizikideentzat
Orain arte bezala, ostalaritzako establezimenduetan ezingo dira lau lagun baino gehiago elkartu mahai baten bueltan. Halere, salbuespen bat egin du Jaurlaritzak: bizikideak izanez gero, bi mahai edo gehiago batu ahal izango dira, talde handiagoa elkartzeko; hala, kide ugariko familiak, esaterako, ez dira launaka eseri beharko.
Horri lotuta, debekatuta jarraituko du zutik edo barran kontsumitzeak, eta barruko edukiera % 50ekoa izango da. Gainera, Osasun Sailak gogorarazi du maskara derrigorrezkoa dela, edateko edo jateko unean izan ezik.
Igerileku eta hondartzetan ere, lau
Bainu-eremuetan, taldeak ezingo dira lau baino gehiagokoak izan, eta horrez gain, beti errespetatu beharko da taldeen arteko distantzia. Bestetik, espazio jakin batean geldi egon bitartean, ez da beharrezkoa izango musukoa erabiltzea, –distantzia errespetatzen bada–, baina joan-etorriak egiteko nahitaez erabili beharko da.
Aire zabalean, kirola libre
Orain arte seinaka egin zitekeen kirola aire zabalean, baina etzitik aurrera, ez da mugarik jarriko taldekide kopuruari dagokionez. Nolanahi ere, entrenamenduetan, joan-etorrietan edo taldeko kirolak egiterakoan, ahal den heinean, 1,5 metroko distantzia mantendu eta maskara erabili beharko da.
Kirola seinaka, eremu itxietan
Kirol-instalazioen edo igerilekuen edukiera ez da aldatu: %50ekoa mantenduko da. Eta malgutu ez den beste neurri bat taldekide kopuruarena da: eremu itxietan, gehienez ere sei pertsonako taldeetan egin ahalko da kirola.
Aldagelei dagokienez, edukiera %35era murriztuta erabili ahalko dira eta aireztatuta egon beharko dira erabili bitartean eta baita erabili aurretik eta ondoren ere. Bestetik, dutxak erabili ahalko dira, baina banaka, eta maskara uneoro eraman beharko da jarrita, dutxatzeko unean izan ezik.
Hiru aste barru, beste bilera bat
Lehendakariak aurreratu duenez, hiru aste barru batuko da berriz LABI, eta ordurako EAEko intzidentzia-tasa 150etik behera badago eta ZIUetako okupazioa % 20tik beherakoa bada, honako neurri hauek izango dituzte agintariek mahai gainean:
- Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 00:00etatik 01:00etara luzatzea.
- Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.
- Ekitaldietan, gehienezko edukiera 600ekoa izatea barnealdean eta 800ekoa kanpoan.
- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegi-, edukiera- eta distantzia-mugekin.
- Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez hamar pertsonako taldeetan.
- Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea: % 60ko edukierarekin, eta gehienez ere 800 pertsonako edukierarekin barnealdean eta 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
- Bisita gidatuen, natura-turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.
- Edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldeetan.