Apirilaren 2tik atzora arte 90 kasu berri atzeman dituzte bailaran: 39 Arrasaten, 20 Oñatin, hamalau Bergaran, hamabi Aretxabaletan, hiru Eskoriatzan eta bi Antzuolan. Hurrengo taulan daude egunez egun herri bakoitzean baieztatutako positiboak:
Herria | Apirilak 2 | Apirilak 3 | Apirilak 4 | Apirilak 5 | GUZTIRA |
Arrasate | 10 | 10 | 6 | 13 | 39 |
Oñati | 0 | 9 | 7 | 4 | 20 |
Bergara | 4 | 3 | 4 | 3 | 14 |
Aretxabaleta | 2 | 2 | 3 | 5 | 12 |
Eskoriatza | 0 | 2 | 1 | 0 | 3 |
Antzuola | 1 | 0 | 1 | 0 | 2 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 17 | 26 | 22 | 25 | 90 |
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Arrasate eta Oñati, gorri
Hautemandako positiboek nabarmen puztu dituzte eskualdeko herrietako intzidentzia-tasak. Halere, Arrasatek eta Oñatik izan dituzte zenbateko altuenak. Arrasatek 400eko langa gaindituta zuen dagoeneko, baina atzoko datuak 500ekoa ere gainditu du: zehazki, 552,49ko intzidentzia-tasa erregistratu du. Oñatik ere –orain arte gune laranjan egon den arren– 400etik –eta 500etik– gorako tasa izan du: 514,48. Gauzak horrela, bi udalerriak Jaurlaritzaren zerrenda gorrira batu dira gaur (erkidegoko beste 24 herrirekin batera), eta bihar neurri murriztaileak jarri beharko dituzte indarrean.
Herri gorriak perimetralki itxita egongo dira –nahiz eta ondoko udalerrira joan ahalko den erosketak egitera edo aire librean kirola egitera–. Bestetik, taberna eta jatetxeek 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era izan ahalko dituzte barrualdeak irekita. Eta kirolari dagokionez, ezin izango dira lau lagun baino gehiago elkartu toki itxietan–federatuak eta profesionalak salbu–, eta aldagelak eta dutxak itxita egongo dira –igerilekuetan izan ezik–.
Debagoieneko beste herrietako intzidentziek ere gora egin dute –positiboak atzeman diren herrietan–, baina ez dute Osasun Sailak ezarritako muga zeharkatu. Halere, Aramaiori dagokionez, aipatzekoa da indarrean jarriko den beste muga bat. Arabak 407,62ko intzidentzia-tasa erregistratu du, eta hala, lurraldea perimetralki itxita egongo da bihartik aurrera.
Datu guztiak eguneratuta daude beheko mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
%8tik gorako positibotasuna, Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian ere pandemiaren bilakaerak ez du hobera egin. Gotzone Sagardui Osasun Sailburuaren arabera, EAEko egoera "kezkagarria" da, eta Nafarroako adierazleek ere ez dute datu onik eman: positibotasun-tasak, intzidentzia-tasak, oinarrizko birsorkuntza datuak eta ospitaleetako presioak okerrera egiten jarraitzen dute.
Atzo egindako proben %8,7k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %8,2k Nafarroan; hala, 8.747tik 706 kasu berri atzeman zituzten: 219 Bizkaian, 213 Gipuzkoan, 177 Nafarroan 88 Araban eta bederatzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Euskal Autonomia Erkidegoan dierazle honek izan duen bilakaera ageri da beheko irudian:
Bestetik, R0 edo oinarrizko birsorkuntza datua 1,06koa izan zen atzo EAEn. Pertsona batek batez beste kutsa ditzakeen lagunak neurtzen ditu adierazleak, eta datuari erreparatuta, ondoriozta daiteke pandemia etengabe hedatzen ari dela.
Eta EAEko ospitaleetan, 50 lagun ingresatu zituzten atzo, eta presioa geroz eta nabariagoa da. Guztira, azken datuaren arabera, 469 pertsona daude ospitaleratuta erkidegoan –duela astebete baino 112 gehiago– eta horietatik 105 dira ZIUn daudenak –duela astebete baino 21 gehiago–. Nafarroako erietxeetan berriz, 165 lagun daude ingresatuta; horietatik 25, ZIUn.