Debagoieneko azken datuei erreparatuta (apirilak 1) Arrasate da 400eko langa gainditzen duen bailarako herri bakarra: 470,97ko intzidentzia erregistratu zuen eguenean. Eta atzetik ditu Oñati (348,80) eta Bergara (339,19). Dena den, azken lau egunetako datuak aztertu beharko dira zerrendara bailarako herririk batuko den edo ez ikusteko.
Bestetik, LABIren batzorde teknikoa ere bilduko da gaur, eta LABI politikoari neurri berriak proposatuko dizkioten edo ez erabakiko dute.
Herri gorrietan, neurri murriztaileak
400etik gorako intzidentzia-tasa erregistratzen duten herrietan, neurri murriztaileak jarriko dira indarrean bihar bertan. Herriak perimetralki itxita egongo dira –nahiz eta ondoko udalerrira joan ahalko den erosketak egitera edo aire librean kirola egitera–.
Bestetik, taberna eta jatetxeek 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era izan ahalko dituzte barrualdeak irekita. Eta kirolari dagokionez, ezin izango dira lau lagun baino gehiago elkartu toki itxietan–federatuak eta profesionalak salbu–, eta aldagelak eta dutxak itxita egongo dira –igerilekuetan izan ezik–.