ALBISTEAK

Neurri bereziekin bada ere, Debagoieneko kaleak morez jantzi ditu Martxoaren 8ak

Jone Olabarria 2021ko mar. 8a, 20:23

Mugimendu feministak deituta, bailarako herri guztietan egin dituzte manifestazio eta elkarretaratzeak gaur arratsaldean. Segurtasun neurriak mantenduz, "sistema arrakalatzeko" asmoz irten dira kalera bailarako emakumeak.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, eguerdi eta goizean zehar egin dituzte lehen aldarrikapenak bailarako herrietako ikasle eta pentsiodunek. Arratsaldean baina herri guztietan deitu ditu mugimendu feministak elkarretaratzeak. Hala, Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean eta segurtasun eta distantzia neurri bereziekin atera dira kalera emakumeak.

Mobilizazioak, herriz herri

Herrietako talde eta mugimendu feministek deituta, 18:00etan egin dituzte mobilizazioak Aramaion, Leintz Gatzagan, Aretxabaletan eta Antzuolan. Hain zuzen ere, Iritsi da señoron garaia lelopean manifestazio jendetsua egin dute Antzuolan, Andramanuelak talde feministak deituta.

Aretxabaletako kasuan ere herritarrek bat egin dute "sistema arrakalatzera" dei egin duen manifestazioarekin, eta aldarrikapen antikapitalista eta antiarrazistak entzun dira herriko kaleetan zehar.

Leintz Gatzagan ere batu dira Emakumearen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenetara, kasu honetan dantza eginez helarazi nahi izan dute mezu feminista.

Segurtasun neurriak jarraituz, kaleak beteta

18:30ean zuten hitzordua Bergaran eta Eskoriatzan. Segurtasun neurriak betetzeko asmotan soka bati helduta egin du bidea Bergaran zehar Martxanterek deitutako manifestazioak. 

Bergaran bezala, Eskoriatzan ere plaza bete da Feminismoak egiten gaitu herri lelopean.

"Inoiz baino beharrezkoagoak"

Euskal Herriko mugimendu feministak gaurko eguneko aldarrikapenak pandemia garaian "inoiz baino beharrezkoagoak direla" iritzita deitu dituen manifestazioek kaleak hartu dituzte Arrasaten, Oñatin eta Elgetan ere. 19:00etan batu dira herritarrak bertan. Elgetako kasuan plazan egin dute elkarretaratzea, Berdintasunerako lanean elkarrekin lelopean.

Oñatin ere jendetza batu da kaleetan zehar, Udalak eta herriko Sare Feministak antolatutako manifestazioarekin bat eginda. Sistema "arrakalatzeko" deien artean, mezu antikapitalista eta antiarrazistak irakurri ahal izan dira pankartetan, "errespetua, berdintasuna eta duintasuna" eskatuz.

Arrasaten ere egin dute manifestazioa herriko kaleetan zehar. Herritar ugari batu ditu Arrasateko mugimendu feministak egindako deialdiak.  Ibilaldian zehar, hainbat protesta ekintza egin dituzte eta bukaeran, manifestua irakurri dute.

"Emakume langileon interesen defentsan, lege burgesa borrokatu"

"Emakume langileen eguneroko miseria" lehen lerroan jartzeko asmotan antolatu zuen Deba bailarako Itaia taldeak ere elkarretaratzea. 18:00etan egin dute, Bergarako epaitegiaren aurrean, eta "emakume langileen miseria errealitate sozialaren ondorioa" dela iritzita, "emakume langileen zapalkuntza kapitalaren metaketara azpiratua" dagoela azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak