Durangoko Azokako online denda da aurtengo berritasun nagusia: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...) egongo dira salgai webgunean, eta antolatzaileen hitzetan, guztira, 2.300 produktu erosi ahal izango dira "euskal kulturaren denda erraldoian".
Gaur bertan, 16:00etan, jarriko dute ikusgai katalogo zabala, baina erosketak egiteko aukera abenduaren 4tik 8ra egongo da soilik. "Katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira desioen saskian. Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako desioen saski hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez", azaldu dute sustatzaileek. Gainera, aurreratu dute lehenengo mila erosleei aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa oparituko dietela eta 45 eurotik gorako erosketa egiten dutenek ez dutela bidalketa-gasturik ordaindu beharko.
Nerea Mujika Gerediagako presidenteak adierazi du Azoka "beste modu batera" bizitzeko aukera egongo dela aurten: "Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere".
Kultur ekitaldiak, streaming bidez
Egoera dela-eta, Pateruenan eta Landako Gunean egingo diren ikuskizun, hitzaldi, kontzertu eta bestelakoak jarraitzeko, bi estreaming kanal egongo direla azaldu du Azoka Telebistako kide eta Goiena Telebistako zuzendari Oihane Agirrek: "Bi kanal egongo dira gure webgunean, bata Landako Guneari dagokiona eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero goizeko 10:30etik 21:00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango duzue".
Bestetik, Durangon egingo diren musika-ekitaldiez gain, "Zu non, han DA!" ekimenaren baitan, Euskal Herriko beste zortzi herritan ere kontzertuak egingo dira: Amurrion, Atarrabian, Azpeitian, Bermeon, Bilbon, Donostian, Gasteizez eta Ondarroan, hain zuzen ere. 32 musika-talde izango dira orotara, eta tartean daude Debagoieneko Kaleko Urdangak, Perlata eta Brigade Loco.