Bailarako hiru talde Durangoko Azokako egitasmo berrian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 20a, 13:55

Gerediagako presidente Nerea Mujikak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiria Durangoko Azokaren aurkezpenean.

Durangoko Azokako 55. edizioa Euskal Herrira zabalduko da aurten. 32 musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte Euskal Herriko zortzi herritan, eta horien artean izango dira, bailarako Kaleko Urdangak, Perlata eta Brigade Loco musika taldeak Zu non, han DA! egitasmoaren barruan.

Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan, abenduaren 5etik 8ra. 32 musika-taldek parte hartuko dute. Kaleko Urdangak talde bergararrak eta Perlata talde arrasatearrak Atarrabiako Totem aretoan eskainiko dute kontzertua, abenduaren 6an, 18:00etan. Brigade Loco talde bergararrak, aldiz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskainiko du emanaldia, egun eta ordu berean. 

Kontzertuetako sarrerak bihartik aurrera, azaroak 21, eskuratu ahal izango dira webgunean, 11:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da, eta kontzertuetan unean-uneko osasun-arauak errespetatzea beharrezkoa izango da.

Bi ardatz; plaza eta denda

Gerediagako presidente Nerea Mujikak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu dute ekimen berri hau, Donostiako Dabadaba aretoan egindako prentsaurrekoan. Azoka kulturzaleengana gerturatzea izanik, Egitasmo berri honek ardatz nagusi bi izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenengoa, musika eta zuzenekoekin lotuta egongo da. Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ez da aukerarik egon zuzenekorik antolatzeko, osasun-egoerak ezarritako arauen eraginez. [Kontzertuen egitaraua]

Bigarren ardatza, Durangoko Azoka amaitzerakoan helduko da, hots, abenduaren 9tik aurrera, urtarrilaren 8ra arte. Zu non, han DA! ekimen honen baitan, Euskal Herriko hainbat liburudendatan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean. Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokaren eragina gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu, eta liburudendetan emango diogu jarraipena online dendari. Izena emateko epea irekita dago liburudendentzat, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Durangon ere hamaika jarduera

Horrez gain, noski, Azokak Durangoko egitarauari eutsiko dio, abenduaren 4tik 8ra arte. Landako gunean eta Plateruenan hamaika jarduera egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, ikuskizunak, umeentzako jarduerak, proiekzioak... Azaroaren 26an aurkeztuko da Durangoko egitarau osoa eta aurtengo gainontzeko nobedadeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak