Indarkeria matxistaren aurkako deialdiak egin dituzte herriz herri

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko aza. 25a, 14:22

2019ko azaroaren 25ean Bergaran egindako ekitaldiko momentu bat.

Gaur, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta aldarrikapenari ikusgarritasuna emateko ekintza ugari antolatu dituzte Debagoienean.

Eskoriatzan, 17:00etan hasita ume eta gazteentzako ekintzak egingo dituzte Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeak antolatuta. Ostean, 18:30ean elkarretaratzea egingo dute plazan.

Elgetan, Ez heroirik ez printzesarik programaren barruan kokatzen den tailerra egingo dute 17:30ean , LH-5eko eta LH-6ko ikasleendako zein gurasoendako. Horrez gain, elkarretaratzea ere deitu du Udalak; 19:30ean izango da herriko plazan.

Bergaran, Itaia Debabailarak mobilizaziorako deia egin du, 18:00etan Fraiskozuri plazan (monolito parean). Gainera, 19:00etan, Martxanterek deituta herritarrak mobilizatu eta gogoeta sustatzeko kale ekintza egingo dute San Martin Plazan.

Aramaion, manifestazio zaratatsua egingo dute 18:00etan. Kultura Etxean emango zaio hasiera eta etxeko tresnak eramateko deia egin dute.

Oñatin, lapiko jotzea (pankazerolada) eta elkarretaratzea egingo dituzte. 18:00etan abiatuko da herriko plazatik, eta zartagin, lapiko edo zarata ateratzeko tresnak eramateko eskatu du Oñatiko sare feministak.

Aretxabaletan, Mitarte plazan, Pikarraituz asanblada feministak deituta, herriko neska gazteen elkarretaratzea egingo dute 18:30ean. Ostean, Udalak eta Herriko Mugimendu Feministak deituta elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan herriko plazan.

Arrasaten, Emakume Txokoak eta Arrasateko mugimendu feministek elkarlanean, Bakartzen gaituzten biolentzien aurrean, josi ditzagun sareak! lelopean antolatu dute elkarretaratzea. 19:00etan emango zaio hasiera eta beltzez jantzita joateko eskatu dute.

Antzuolan, Andramanuelak emakume taldeak deialdia egin du,  Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu lelopean; bilkura plazan, 19:00etan egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak