Indarkeria matxistaren aurkako egitaraua antolatu dute, izurriak uzten duenera arte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 5a, 18:19

Iazko ekitaldia San Martin plazan.

Pandemiaren bilakaeraren bueltan hartuko diren neurri berriak zehazki zeintzuk izango diren jakiteke, aurten ere egitaraua antolatu dute azaroaren 25aren bueltan. Besteak beste, indarkeria matxistaren aurkako performancea egin nahi dute Martxanterek, herritarrek ere parte har dezaten.

Indarkeria matxista desagerrarazteko hausnarketa "behar-beharrezkoa" dela sinistuta eta pandemia betean bada ere, hainbat ekintza antolatu dituzte. "Ezinbestekoa da indarkeria matxista amaitzeko gizartearen eremu guztietan eragitea, eta herritarren inplikazioa; norberak duen arduratik lan egin behar du", dio Berdintasun zinegotzi Ainhoa Letek. Hain zuzen ere, aurtengo hitzaldiak Berdintasun Kontseiluko kideen proposamenei esker antolatu dira.

Aurtengo kanpainaren kartela.

Hausnarketa eragiteko hitzaldiak

Lehen saioa azaroaren 10ean izango da, Irizar jauregian (18:00): Emakume helduen kontrako eguneroko indarkeria. Duintasuna elkarteko Itziar Usandizagak dio "ezinbestekoa" dela indarkeria txikiez ere jabetzea: "Eguneroko indarkeria txikietatik datoz handiak, eta txikiez jabetzea ezinbestekoa da. Emakume helduek indarkeria asko jasaten dute, baita familian edo gertukoen artean. Horren inguruan hitz egingo digu Lourdes Rodriguez Landa soziologoak eta IPES erakundeko ikerlariak". Elkarretaratzea ere egingo dute, hilaren 23an, San Martin plazan (12:00).

Azaroaren 16an, autodefentsa digitalaren gaineko ikastaroa egingo dute Irizarren (18:00), eta hilaren 17an, ordu eta leku berean, Arrakala orgasmikoa: nola patriarkatuak ohean ere jarraitzen gaituen hitzaldia eskainiko da: "Paola Damonti herriz herri dabil gaia lantzen, eta arreta piztu du. Oso interesgarria izango da, eta Bergarako emakume zein gizonak gonbidatu nahi ditugu", esan dute kontseiluko kideek.

Hitzaldietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, berdintasuna@bergara.eus helbidean edo 943 77 91 00 telefono zenbakian. Gainera, azaroaren 28an, Birritan bortxatua antzezlana izango dute Seminarixoan (19:00) eta abenduaren 9ko Seminarixoko zineklubak (20:00) Florecica filma eskainiko du.

Martxanteren ekitaldi berezia

Martxanterak Talde Feministak aurtengo ikasturterako bi gai-helburu nagusi finkatu ditu: "Alde batetik, aurtengo mundu martxaren ekintzaren hariari heltzea eta, bestetik, justizia feministaren gaiari heltzea. Urritik martxora bitartean mundu martxaren ekintzak dakarren edukiak herrian lantzea da helburua, kontu ezberdinak antolatuz".

 

Azaroan, bi ekimen antolatu dituzte. Hilaren 25erako ekitaldi berezi bat antolatu nahi dute Martxanterek San Martin plazan (19:00): "Azken urteotako ildoari eutsiz baina testuingurura egokituta, entzute, irakurketa eta salaketa ekintza bat egingo dugu, herritarrek ere parte hartzeko. Askotariko ahotsak ekartzen ahaleginduko gara, eta performance txiki bat egingo dugu. Neurrien zain gaude, ea ze punturaino egin ahalko den". Azaroaren 20rako, Migrazioak, mugak eta migrazio politika izeneko hitzaldia ere antolatu dute kartzela zaharrean (18:30), Red de mujeres migradas y racializadas de Euskal Herria kolektiboaren eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak