Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatzeko nazioarteko egunean puntu moreak, nonahi

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 23a, 09:30
Puntu moredun poltsa bat; gaurtik aurrera banatuko ditu Udalak.

Emakumeen kontrako indarkeria matxista modu bateratuan salatzeko eguna izango da eguaztena, azaroaren 25a. Puntu morea da ikur nagusia, eta, udal eraikinetan ez ezik, herriko komertzioetan, enpresetan zein etxeetan ikusgai egotea da helburua. Elkarretaratzea ere deitu du Udalak; 19:30ean izango da herriko plazan.

Arazo estrukturala da eta, gehienetan, ezkutuan gelditzen da. Horregatik, lehen lerrora ekarri eta emakumeen kontrako indarkeria matxista gaitzesteko ikur nagusia den puntu moreari ikusgarritasun berezia eman gura dio, aurten, Gizarte Ongizate Sailak. "Urtero moduan, puntu morea egongo da udaletxeko balkoian, eta, bestalde, ikur hori daramaten telazko 460 poltsa banatuko ditu Udalak astelehenetik aurrera", azaldu du Gizarte teknikari Naiara Unamunok. "Ideia da etxebizitza bakoitzera gutxienez bat heltzea, eta agortu bitartean banatuko dira, bai udaletxean bai herriko komertzioetan".

Puntu moreak banatuko dituzte, baita ere, herriko komertzioetan zein enpresetan. "Pegatinak dira, kristalezko leihoetan edo ateetan jartzeko. Herriko tabernetara ere eramango ditugu, zabaldutakoan".

Elkarretaratzea ere deituta dago eguaztenerako. Plazan izango da, 19:30ean.

Telefono zerbitzuak, 24 orduz

Arrisku egoeran dauden emakumeek jakin behar dute 112 zenbakira deitu dezaketela. 900 84 01 11 telefono zenbakia ere zabalik dago 24 orduz. Profesionalek erantzuten dute, eta konfidentzialtasun eta anonimotasun osoa bermatuz. Udal zerbitzuak ere arreta emateko daude.

Formakuntza saio bereziak, eskolan

Herri Eskolan ere aintzat hartuko dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta ordu eta erdiko formakuntza saioa antolatu dute LH-5eko eta LH-6ko ikasleen gurasoendako. Azaroaren 25ean izango da, 17:30ean.

Ez heroirik ez printzesarik programaren barruan kokatzen da tailerra, eta hainbat gai jorratuko dituzte bertan: genero-identitateen eraikuntza eta sozializazio prozesua, mitoen zein mezuen transmisioa eta betikotzea, aniztasunean oinarritutako hezkuntza... Hala, genero erreferenteen eta ereduen alternatibak landuko dituzte.

Matiz elkarteko hezitzaile batek gidatuko du saioa. LH-5eko eta LH-6ko ikasleek ere jaso dute gaiaren inguruko formakuntza; izan ere, aurretik programa bereko bina orduko hiru saio egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak