Pandemiak ere ezin izan du geldiarazi 2003tik abian den Xiberoko ikastolei sostengua emateko ekimena. Aurten hiru saskiren artean aukeratu ahalko da, 40, 55 edo 70 euroren truke. Banaketak abenduaren 10ean egingo dira Bergarako Jardun Elkartean, Oñatiko Ikastolan eta Arrasateko Erein da Jan dendan, baita AED elkartean ere. Saskiak www.ikaskoli.eus webgunean eskatu daitezke, hilaren 30a arte.
Osasun-krisiak diru sartze ekimen guztiak ezeztatu ditu aurten, eta ondorioz saski salmenta hau izango da beraien diru sarrera bakarra.
Xiberoko Ikastolek bi helburu betetzen dituzte saskiok banatzerakoan. Heziguneei ekonomikoki laguntzen diete batetik, eta Ipar Euskal Herriko ekoizpenak ezagutarazi eta dastarazten dituzte bestetik.
Dena esan behar bada, Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik eta hizkuntza gutxiagotua da.