2003an ekin zioten ekimen honi eta aurten egoerara egokituz, aurrera jarraitu dute. Xiberoko Ikastolek gabonetako tokiko ekoizpenekin saskiak prestatu dituzte eta bi helburu dituzte: Xiberoko Ikastolak laguntzea eta Xiberoko ekoizpenak ezagutaraztea eta dastaraztea. Izan ere, Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik eta hizkuntza gutxiagotua da lurralde horretan.
"Xiberoan ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko, Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaigu" adierazi dute ekimenaren arduradunek. Izan ere, azken urte honetan, diru sartze ekimen guztiak ezeztatuak izan dira eta saski salmenta hau izango da beraien diru sarrera bakarra. Osasun larrialdiaren eraginez, abenduaren 10 eta 11an aurreikusten dituzten banaketa egunak beharraren eta lekuen arabera moldatuko dituztela gaineratu dute eta betiere dirua itzultzeko ere teknikoki prest daudela.
Saskiak www.ikaskoli.eus webgunean erosi daitezke 40, 55 eta 70 euroren truke eta eskuratzeko guneak webgunean hautatu beharko dira.