Alarma egoera berri honen agintea erkidego autonomikoetako presidenteen eskuetan egongo da. EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk egubakoitzean eskatu zion Sanchezi estatu espainiar osoan ezartzeko alarma egoera eta 48 ordu baino lehenago konfirmatu du Sanchezek larrialdi egoera ezarriko duela. Dekretu berriak harreman sozialak gehiengora murrizteko helburua dauka.
Martxoko alarma egoera baino arinagoa
Martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izango da: ez da konfinamendu orokorrik egongo. Biltzeko eskubidea mugatuko da, gauean etxeratzeko agindua ezarriko dute, eta erkidego autonomoetako buruek kudeatuko dute. Hau da, Jaurlaritzak eskumena izango du erabaki propioak hartzeko.
Alarma egoera berriaren dekretua diputatuen kongresuan onartzeko gehiengoa izango duela uste du Sanchezek. Aste honetan bertan, eramango du gaia Madrilgo Kongresura, eta asmoa, alarma egoera berri hau maiatzaren 9ra arte luzatzea izango da. Hain zuzen, adituek proposamenei jarraituz, "sei hilabete beharko dira bigarren olatu honi aurre egiteko".
Sanchez: "Muturreko egoera bizitzen ari gara"
"Alarma egoera arratsaldean ezartzea erabaki dugu, 10 autonomia erkidegok eta Melillak hala eskatu ostean", azaldu du Sanchezek agerraldian. Gainera, "alarma egoera, maiatzeko lehenengo egunetara luzatzeko" asmoa azaldu du presidenteak. Bihar, bestalde, autonomia erkidegoetako presidenteekin eta Europako Batasuneko agintariekin ere batzartuko dela baieztatu du Espainiako presidenteak. "Autonomia erkidegoek haien irteera-sarrerak mugatzea erabaki ahalko dute, edota euren lurraldeetako eremu ezberdinak ere. Autonomietako presidente eta lehendakariak izango dira eskuduntza izango dutenak", gaineratu du Sanchezek.
"23:00etatik 06:00etara ezin izango da kalean ibili eta pertsonen joan-etorriak mugatuko dira, bakarrik justifikatutako –lanerako, zaintzarako edo botikak erosteko– arrazoiengatik irten ahalko da etxetik", aipatu du.
Gainera, gehienez sei pertsonako bilkurak egin ahal izango direla azpimarratu du Pedro Sanchezek, batera bizi ez direnen kasuan. Horretaz gain, herritarrei mugikorretarako Radar Covid aplikazioa deskargatu dezatela eskatu die.
Helburua, 100.000 biztanleko 25 kutsatuko intzidentzia metatua lortzea dela azpimarratu du Espainiako presidenteak, eta "ibilbide hori oraindik luzea" dela nabarmendu du. Gaur gaurkoz, intzidentzia metatua 362koa da 100.000 biztanleko.