EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk egubakoitz arratsaldean Estatu espainiar osoan alarma egoera deklaratzeko eskaria bete egingo litzateke bihar elkartuko den ezohiko ministroen kontseiluak hartuko duen erabakiaren ondotik. Erkidegoen menpeko alarma egoera eskatu zuen atzo Urkulluk, eta iluntzean eskaerarekin bat egin zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Urkulluren aginte bakarra, "ahalik eta azkarren" jarduteko
Lehen olatuko alarma egoeraren aldean, salbuespen legedia erkidegoek kudeatzea nahi du Urkulluk. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzaren arau bat atzera bota izanak –gehienez sei lagun elkartzearena– bultzatu du urrats hori egitera, agerian utzi baitu eskumen propioak garatzeko ezintasuna duela. Urkulluren aburuz, proposatutako formulak aukera emango du "ahalik eta azkarren" jarduteko, betiere herritarren osasuna eta COVID-19aren hedapen komunitarioa mugatzeko asmoz.