Estatu espainiar osoan alarma egoera ezartzeko eskatu dio Urkulluk Sanchezi

Maialen Santos 2020ko urr. 23a, 16:22

Iñigo Urkullu lehendakaria, egubakoitz arratsaldean egindako agerraldian.

Iñigo Urkullu lehendakariak "espainiar estatu osoan" alarma egoera ezarri dezala eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari. Gaur goizean "telefono bidez" izandako elkarrizketan helarazi dio nahi hori, eta arratsaldean egindako agerraldian eman du jakitera. 

Lehendakariak azaldu duenez, Espainiako presidentearekin izandako elkarrizketan azaldu dio COVID-19aren pandemiak eragin duen "osasun egoera" dela eta, "ahal bezain azkarren jardun behar dela, herritarren osasuna bermatu eta birusaren transmisio komunitarioa eten dadin". Edozelan ere, martxoan ezarritako alarma egoeran ez bezala, oraingoan Urkulluk jarraituko luke agintea izaten. 

Lehendakariak azaldu duenez, nagusiki hiru izan dira erabaki hori hartzera bultzatu duten arrazoiak: kasu positiboen gorakada, Jaurlaritzak erabakiak hartzeko dituen mugak eta datozen asteetan neurri murriztaile gehiago hartzeko beharra.

Alarma egoera, "lurralde guztietan"

Bestalde, bere ustez, erkidego bakoitzeko egoera "ezberdina" bada ere, alarma egoera Espainiako Estatuaren menpeko "lurralde guztietan" ezarri beharko litzateke; "eta ez bakarrik EAEn". Hori gutxi balitz, zehaztu du hartutako erabakiak Osasun Sailaren eta LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen babesa duela, eta beste lurralde batzuetako presidenteak ere neurriak zorrozteko "prest" agertu direla. 

Azpimarratzekoa da atzo EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuela baimendu Jaurlaritzak toki publiko zein pribatuetako bilerak sei pertsonako taldeetara mugatzeko hartutako erabakia, "oinarrizko eskubideen aurka" doala iritzita. Hori horrela, alarma egoera ezarrita Jaurlaritzak eman dituen gomendioak betebehar bilakatu gura ditu Urkulluk.

Konfinamendua ezartzea "ez da asmoa"

Konfinamendua ezartzeko aukerari dagokionez, Urkulluk azaldu du ez dela egun duten "asmoa"; are, erkidego osoa konfinatzea "azken aukera" dela. Hain zuzen, azaldu du hori baino lehen "neurri murriztaile gehiago" hartuko dituztela, kontziente direlako egoerak "okerrera" egin dezakeela. Neurri horien artean daude "salbuespenak salbuespen" gaueko jarduera mugatzea edota udalerri edo eskualdeetara soilik mugatutako "konfinamendu perimetralak" ezartzea. 

Alarma egoera ezartzeko eskaera Espainiako Ministro Kontseiluak aztertu beharko du orain, eta Espainiako Kongresuan eztabaidatuko dute hori. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak