EAEn azken egunetan kezka gehien piztu duten infekzio-fokuak "egonkortzeko joera" erakusten ari direla esan du Murgak, eta Debagoieneko kasua nabarmendu du. Hala, Bergarako egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita, ondoriorik gabe utzi dituzte Osasun sailburuaren 2020ko uztailaren 16ko eta uztailaren 8ko aginduek ezarritako neurriak.
Azken asteetan EAEn atzeman diren positiboetatik, 498 kasu bata bestearekin erlazionatutakoak eta gaueko aisiari lotuta daudela esan du Osasun sailburuak, eta beraz, arduraz jokatzeko eskatu du. Hor kokatu ditu, besteak beste, Bergara, Eibar, Ermua eta Debako kutsatzeak.
265 positibo Hego Euskal Herrian
EAEn azken 24 orduetan 4.297 PCR proba egin dituzte eta 204k eman dute positibo. Gipuzkoan 33k, Araban 23k, Bizkaian 145ek, eta EAEn erroldatuta ez dauden beste hiru kasu ere egon dira. Hala, oinarrizko birsorkuntza tasa zertxobait igo da, 1,06tik 1,12ra. Nafarroan, 61 izan dira positibo eman dutenak, eta ez dela hildakorik egon jakinarazi dute.
EAEn igoera
Gaurko EAEko datuetan ikusten den igoera "esponentziala" dela eta kontaktuen jarraipen estuari lotuta dagoela ere esan du Murgak. Hala, aztarnariek egindako jarraipen-lana azpimarratu du, "ezinbesteko" lana dela gogoraraziz.
Positibo berri horietako 104 gizonezkoak dira eta 100 emakumezkoak. Adinari dagokionez, adin tarte guztietan daude positiboak, baina gutxiago zaharren artean: 0-9 artean 13 positibo, 10-19 artean 23, 20-29 artan 45, 30-39 artean 48, 40-49 artean 25, 50-59 artean 19, 60-69 artean 12, 70-79 artean 11 eta 80-89 artean 7.
Egoitzetan bisitak onartuko dira
Oraingoz zentro soziosanitarioen murrizketetako batzuk mantendu egingo dira, eta egoiliarrek ezingo dute kalera irten. Hala ere, egoitzetako zelaietara irteteko aukera izango dutela esan du Murgak.
Bestalde, egoitza horietan bizi direnentzako bisitak jasotzeak duen garrantzia kontuan izanik, bisitak onartuko direla esan du Osasun sailburuak, uztailaren 18aren aurreko egoerara itzuliz. Honenbestez, bisitak bai, baina "pertsona bakarra eta beti berdina" izan beharko dela azpimarratu du Murgak. Gainera, bisitak egingo dituzten pertsonei "arduraz" jokatzeko eskatu die, eta gaizki sentitzen badira edo kasu positiboren batetik gertu egon badira, ez joateko zaharren egoitzara. Horrez gain, egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoaren arabera, egokitzapenak egon daitezkeela ere esan du.