Aztarnarien lana, funtsezkoa birusaren hedapena saihesteko

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 27a, 13:28

Ramon Sanchez, Joserra Bardeci eta Nerea Arizmendiarrieta aztarnariak, Arrasateko ospitalean.

COVID-19a mundu osoan hedatzen ari den honetan, funtsezkoa izaten ari da aztarnarien lana. Hain zuzen, kasu positiboak eta haien kontaktu zuzenak identifikatu eta jarraipena egitean datza.

"Lehenik, kasu positiboak jasotzen ditugu eta pertsona horiei aholku batzuk ematen dizkiegu, etxean isolatuta dauden bitartean nola jokatu behar duten eta zer egin behar duten jakiteko. Horrez gain, euren kontaktuak jasotzen ditugu, eta hori oso garrantzitsua da. Egun bat markatzen dugu, eta guztiei galdetzen diegu egun horretatik aurrera norekin egon diren", azaldu du Nerea Arizmendiarrietak, Debagoieneko Ospitaleko aztarnarietako batek.

Egun horiek kontatzen hasteko, bi aukera daudela adierazi du. "Batetik, sintomarik baldin badago, PCR proban positibo eman aurreko bi egunak hartzen ditugu kontuan jarraipena egiteko. Sintomak baditu, bestalde, sintomekin hasi baino bi egun lehenagoko kontaktuak jarraitzen ditugu".

Zer dira kontaktu zuzenak?

Esan moduan, PCR probetan positibo eman dutenen kontaktu zuzenen jarraipena egiten dute. "Honako hauek kontsideratzen ditugu kontaktu zuzenak: bi egun horietan bi metro baino gertuago musuko gabe egon direnak; etxe berean egon direnak, jatordu bat partekatzen, adibidez; eta 15 minutu baino gehiago berarekin egon direnak". Joserra Bardeci aztarnariak gaineratu du positibo eman duenarekin batera igogailuan egon izana ez dela kontaktu zuzena izatea eta "maskara jantzita berarekin berba egiten egon bagara" ere ez. "Garraio publikoan, autobusean, adibidez, ondoan joan dena kontaktu zuzena da, nahiz eta oso zaila den guretzako hori jakitea", gaineratu du.

Aplikazio bat ere badaukate, Go.Data izenekoa, "kasu positibo guztiak eta haien kontaktuak identifikatuta edukitzeko eta inork ihes ez egiteko", Ramon Sanchez aztarnariaren esanetan.

Telefonoz egiten dute lan

Positibo eman duen horri galdetuta egiten dute jarraipena, telefonoz, Arizmendiarrietak azaldu duenez. "Kontaktuak beti gaixoak berak eman behar dizkigu, eta hark emandako datuak dira garrantzitsuenak. Batzuetan, ordea, gertatzen zaigu elkarrizketa bukatu eta senide batek beste hainbat datu ematea, eta horiek ere aintzat hartzen ditugu". Halaber, "kontaktu zuzena izan zarela uste baduzu eta hark zure izena ez badu ematen, zuk berari gogoraraztea komeni da, guztiekin, agian, ez delako gogoratzen", dio Bardecik.

Bi PCR  proba, bi dei

Protokoloa jarraituz, aztarnariek bi aldiz deitzen diete kontaktuei. "Lehenik, positiboarekin harremanetan jarri garen egun berean, eta bestea, positiboarekin azkenengoz egon denetik hamar egunera. Izan ere, PCR proba egin behar dute egun horietan", dio Arizmendiarrietak.

Emaitzen zain, isolatuta

Sanchezek azaldu duenez, etxean isolatuta geratzeko esaten diete proba egin duten guztiei, emaitza jakin arte, eta aholku batzuk ematen dizkiete etxean nola jokatu behar duten jakiteko. "Era berean, familiako medikuarekin egoten gara, baja gestionatzeko eta beste hainbat kontutarako. Horrez gain, bestelako beharren bat badaukate, janaria etxera eramateko edota zaborra ateratzeko beharra, laguntza eskaintzen diegu".

Oso lan aldakorra

Atzemandako kasu positiboen arabera, lan gehiago edo gutxiago edukitzen dute aztarnariek. "Egun batetik bestera, lasai egotetik gainezka egotera pasa gaitezke, kasuek gora eginez gero". Debagoieneko Ospitalean lau aztarnari ari dira lanean gaur egun, eta EAEn, 36.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak