Asteburuan, COVID-19 kasuek gorakada nabarmena izan dute Hego Euskal Herrian. Egubakoitzean egindako PCR probek 411 kasu baieztatu zituzten guztira, eta zapatuan egindakoek 310. Gaur Osasun Sailak jakinarazi duenez, berriz, atzo egindako probek 165 atzeman dituzte: 6 Araban, 45 Bizkaian, 63 Gipuzkoan eta 51 Nafarroan. Adierazgarria da azken hilabeteetako R0 edo birsorkuntza tasa altuena erregistratu dela egunotan: hain zuzen ere, 2,27koa zapatuan. Hala, pandemia hedatzen ari dela ondoriozta daiteke.
Gorakada horrek isla izan du Debagoienean ere; Guztira egubakoitzetik domekara bitartean egindako PCR probek 29 kasu berri atzeman dituzte: 1 Aretxabaletan, 3 Elgetan, 7 Arrasaten. 1 Oñatin eta 17 Bergaran.
Bergarari dagokionez, Gorka Artola alkateak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du, Osakidetzak egoera kontrolpean duela jakinaraziz. Kasuok ez dute herrian neurri berezirik ezartzea eragin, baina, Aretxabaletako positibo berria dela-eta plazako Paulaner taberna itxi dute, eta Arkupe kultur etxean desinfektatze lanetan jardungo dute gaur. Horrez gain, bertako langileei PCR probak egingo dizkiete.
Kasu berrien gorakadak utzitako bestelako datuak dira 6 ospitaleratze berri izan direla Euskal Autonomia erkidegoan, eta positibo berri gehienak 10urtetik 30urte bitarteko tartean hauteman direla.
Jaurlaritzak eta EUDELek, neurriak
Bestetik, Pandemiaren bilakaera ikusita, eguneko zentroak ixteko eta adineko egoitzetako bisitak mugatzeko gomendioa egin zien Eusko Jaurlaritzak Aldundiei, eta udalekuak aldi baterako bertan behera uztea ere erabaki du Eudelekin batera. "Prebentziozko eta behin-behineko neurri gisa" hartutako erabakia izan dela argitu dute Osasun Sailetik. Halere, badaude salbuespenak ere; Oñatin kasu. Gaur haurrak udalekuetara joan dira, dekretu ofizialik iritsi ez dela-eta. Eta Elgetan ere Zaintza Zerbitzua mantendu dute gaur goizean, baina arratsaldean biltzekoak dira hemendik aurrerako erabakia hartzeko.
Positibo berriak herriz herri
Osasun Sailaren arabera, atzo 2 kasu baieztatu zituzten Elgetan eta 11 Bergaran, eta zapatuan berriz, 6 Arrasaten eta bana Bergaran eta Aretxabaletan. Egubakoitzean, bestalde, kasu bana erregistratu ziren Elgetan, Oñatin eta Arrasaten, eta 5 Bergaran.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.