ALBISTEAK

Maskara nahitaez eta ondo jantzita eraman beharko da gaurtik

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko uzt. 16a, 10:29

Gaurtik toki ireki zein itxietan musukoa janztea derrigorrezkoa izango da, eta gainera, ondo jarrita eraman beharko da: "sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz". Gainera, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ohikoenetako bat duen edonork "etxean geratu beharko du eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari".

Nekane Murga Osasun sailburuak, "egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta", uztailaren 16an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian atzo iragarritako agindua argitaratuz, honakoa ebatzi du:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da honako agindu honen eranskina aldatzea: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Bigarrena.– Aldatu egiten da agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

1.– 1. puntua aldatzen da, betebehar orokorrak, eta eduki hau izango du:

«1.– Betebehar orokorrak.

1.1.– Kautela- eta babes-betebeharrak.

Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie.

Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

1.2.– Sintomatologia duten pertsonak.

COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ohikoenetako bat (sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo okadak) duen edonork etxean geratu beharko du eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari.

Era berean, etxean bizikiderik badago, ez du haiekin kontakturik izan behar, eta, ahal bada, logela esklusiboa erabili behar du, osasun-zerbitzuaren jarraibideak jaso arte.

1.3.– Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.

1.3.1.– Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan, eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu daitekeenean. Salbuespen izango dira agindu honetan aurreikusitako kasuak, bai eta COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuak ere.

1.3.2.– Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, tabernak eta txokoak barne, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.

1.3.3.– Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean edo eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere hamar lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.

1.3.4.– Derrigor maskara behar bezala erabili behar da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz.

1.3.5.– Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta egon daitekeen erabilera profesionaletan.

1.3.6.– Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.»

2.– 3.8 puntua aldatzen da –Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak–, eduki honekin:

«Edukieraren muga kentzen da, baldin eta bermatzen bada 1,5 metroko distantzia fisikoa dagoela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai-multzo bakoitzeko.

Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa gordez gero.

Koktelak eta buffetak egin daitezke, gehienez ere 25 laguneko taldeetan.

Betiere ziurtatu beharko da bezeroen arteko segurtasun-tarte egokia mantentzen dela, establezimenduaren barruko barran zein mahaietan, bai eta establezimendu horien kanpoaldean ere.

Ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruz indarrean dauden osasun-jarraibideekin bat etorriz, egungo egoerak eta agindu honen indarraldiak irauten duten bitartean, ez da ordutegiak luzatzeko baimen berririk emango jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean, eta eman direnak indarrik gabe utziko dira.»

3.– Beste paragrafo bat gehitzen zaio 3.26 puntuari –Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak–, eduki honekin:

«Ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruz indarrean dauden osasun-jarraibideekin bat etorriz, egungo egoerak eta agindu honen indarraldiak irauten duten bitartean, ez da ordutegiak luzatzeko baimen berririk emango jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean, eta eman direnak indarrik gabe utziko dira.»

4.– Beste bi apartatu gehitzen zaizkio 3. puntuari, 29. eta 30. apartatuak, eduki honekin:

«3.29.– Gazteen lonjak eta antzekoak.

Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea.

3.30.– Osasungaiztasun-egoerak.

Ostalaritzako establezimenduak edo antzekoak ez diren espazio publikoetan edo kalean taldean edatea osasungaiztasun-egoeratzat hartuko da, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 6.f) artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.»

Hirugarrena.– Argitaratzea eta ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak