Nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, eguenetik aurrera

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 15a, 13:32

Maskarez gain, arau gehiago moldatu ditu Jaurlaritzak: ezingo dira hamar lagun baino gehiago elkartu igerilekuetan, hondartzetan edota mahai baten bueltan. Gazteen lokaletan aktibitateak egitea debekatu du, baita botila festak ere.

Egueneko 00:00etatik aurrera, EAEn, derrigorra izango da maskara erabiltzea espazio publikoan edo jendeari zabalik dauden espazio itxietan –baldin eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartzerik badago–; Nafarroan, aldiz, egubakoitzetik aurrera.

Nekane Murgak azaldu du aisialdi-eremuetan hautematen ari direla kutsatze gehienak eta horiek ekiditeko hartu dela neurria. Horrekin lotuta, lasaitasun mezua helarazi nahi izan du, eta argitu du ez gaudela "bigarren olatu" baten aurrean. Halere, sailburuaren esanetan, beste neurri batzuk ere ezar litezke datozen egunetan.

Nafarroako Gobernuak ere foru agindu bidez onartu du maskara nahitaez erabiltzeko neurria, eta 6 urtetik gorako herritarrei eragingo die. Araua hautsiz gero, ehun euroko isunak jarriko dituztela ere azaldu du Nafarroako Foru Administrazioak, baina gaineratu dutenez, hori "ez da helburua".

Maskarak erabiltzea, derrigorrezkoa

Maskara eroatea derrigorrezkoa izango da beti, baita metro eta erdiko segurtasun neurria bermatuta dagoenean ere. Hala, bai kalean eta baita erabilera publikoko establezimendu guztietan eraman beharko da jantzita. Aldiz, maskara ez da nahitaezkoa izango lantokietan, mendira joatean edo kirola egitean –betiere, 1,5 metroko distantzia errespetatzen bada–. Hondartzen kasuan, ez da beharrezkoa izango maskara uneoro eramatea; soilik paseatzeko eta  tokiz aldatzeko jarri beharko dira –bainatzeko eta toailan egoteko, ez–. Horrez gain, orain arte bezala, arnasa hartzeko zailtasunak dituzten pertsonek ere ez dute maskara erabiltzeko derrigortasunik izango.

Ostalaritzarako neurriak

Ostalaritzako establezimenduetan, soilik, jaterako edo edaterako unean kendu ahal izango da maskara. Gainera, establezimenduetako arduradunek bermatu beharko dute bezeroak neurria betetzen ari direla. Horrez gain, taberna, jatetxe zein elkarte gastronomikoetan ezin izango da 10 pertsona baino gehiagoko taldeetan elkartu. Edukiera mugarik ez da egongo, betiere mahaien arteko 1,5 metroko distantzia ziurtatzen bada. Lokal barruetan sartzeak baimenduta egoten jarraituko du, baita barran kontsumitzeak ere, 1,5 metroko distantziak mantenduta bezeroen edo bezero-taldeen artean.

Koktel edo buffetak egin ahal izango dira 25 laguneko taldeetan, gehienez. Kasu guztietan ziurtatu beharko da bete-beharreko segurtasun neurria.

Gazteen lokalak eta antzerakoak

Debekatuta dago gazte-lokaletan edo antzekoetan aktibitaterik egitea.

Botila festak debekatuta

Araudi berriak, gainera, debekatu egin ditu botila festak. Zehatz, dio, ezin izango dela  kalean eta espazio publikoan taldean kontsumitu, ostalaritzako establezimendu edo antzekoetatik kanpo.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak