ALBISTEAK

Herritarrek esan dute ez dutela "faxistarik" gura Oñatin

Maider Arregi 2020ko uzt. 9a, 14:31

Vox alderdi eskuindarreko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Oñatiko plazako pilotalekuan. Bertan izan ziren Voxeko Javier Ortega Smith buruzagia eta Macarena Olona Espainiako kongresuko diputatua. Foruen Plaza ehunka lagunez bete zen Vox alderdiaren ordezkarien agerraldia salatzeko Gora Oñati Antifaxista lelopean. Ez zen arazorik izan.

Joan den domekan Macarena Olona Voxeko diputatuak tuiter bidez jakinarazi zuen Oñatin agerraldia egingo zutela Oñatiko Guardia zibilak urtero jasaten duen eskratxaren harira, babesa adieraztera.

Vox alderdiak bergarako epaitegian agerraldiko deialdia erregistratu eta hauteskunde-batzordeak onartu egin zuela ikusita, Oñatiko udalak helegitea aurkeztu zuen hainbat arrazoi medio. "Ekitaldia agenda kulturalaren barruan zegoen programatuta eta erabaki genuen helegitea jartzea Bergarako epaitegian, berandu zetorren eskari bat zela ere esanez. Telefonoz jaso genuen ezezkoa eta orduan Gipuzkoako hauteskunde-batzarreko presidenteari aurkeztu genion helegitea. Haren erantzuna idatziz jaso dugu esanez Bergarakoak duela hemengo ahalmena eta geure ardura dela kontzertu hori tokiz aldatzea. Taldeko kideekin berba egin genuen eta kontzertua hilaren 23ra atzeratzea erabaki genuen, artistei ere zor diegulako horrenbesteko errespetua, jakinda alderdi horretakoak zertara zetozen", azaldu du Kulturako batzordeburuak, Iñaki Olaldek. Udal Gobernu taldeak probokazioetan ez erortzeko dei egin zien herritarrei. 

Baina, Voxen agerraldia aurrea zihoala ikusita, herriko gaztetxean hainbat herritarrek batzarra egin zuten eta Gora Oñati Antifaxista lelopean elkarretaratzea deitu zuten. Macarena Olonak  bere aldetik, elkarretaratzearen deialdiaren kartelaren erreferentzia eginez, Oñatiko plaza garbi egon zedin eskatu zuen tuiter bidez berriz ere.

Ordubeteko mitina

Eguna iritsita, atzo, eguaztena, Foruen Plaza herritarrez bete zen Gora Oñati Antifaxista pankartekin eta ikurriña eta presoen aldeko izarekin. 

Aurrean zituzten plazako pilotalekuan Voxeko kideak alderdikideen mitina jarraitzen.  Javier Ortega Smith alderdiko buruzagiak eta Macarena Olona Espainiako kongresuko diputatuak hartu zuten hitza eta gogoan izan zituzten Oñatiko Guardia Zibila eta euren familiak. 

Ordubete inguruko mitina bukatuta, udalerrian jarraitu zuten 21:00ak bitartean, eta berdin elkarretaratzearekin bat egindako herritarrek ere. Segurtasun  neurri handiekin, Ertzaintzak zainduta egon zen ingurua. Multzo bien arteko gunea, Gernikako arbolako ingurua hain zuzen ere, zintaz hesitu zuten istiluak saihesteko.

Voxekoak kiroldegi aurreko aparkalekutik irtetean, tentsio une txikia bizi izan zen arren, ez zen aparteko arazorik eta istilurik sortu atzo arratsaldean Oñatin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak