Oñatiko plazako pilotalekuan Voxek biharko, asteazkena, antolatuta duen ekitaldiari Bergarako epaitegiak emaniko baimenaren kontrako helegitea aurkeztu du Oñatiko Udalak, baina helegite hori ez du aintzat hartu epaileak.
Udal gobernuaren esanetan, "ulergaitza da Bergarako epaitegiak helegitea aintzat ez hartzeko harturiko erabakia. “Hura bertan behera uzteko bi arrazoi daude gutxienez, gure ustez, pisuzkoak direnak: eskaera epez kanpo aurkeztu izana eta duela hilabete pasatik antolatua dagoen ekitaldi kultural batetik metro gutxira egiteko asmoa –une berean-. Ezin daiteke inolaz ulertu jaso berri dugun erantzuna. Bestelako bideak aztertzen gabiltza”.
Voxek Bergarako eremuko hauteskunde-batzordean aurkeztu zuen, atzo, ekitaldia egiteko proposamena, eta hauteskunde-batzordeko presidenteak kanpainako ekitaldia egiteko baimena eman zion. Hauteskunde kanpainan sartuta, eskaria epez kanpo izateagatik baimena eskatu behar izan zuen Voxek Bergarako epaitegian, eta hauteskunde-batzordeko presidenteak, 18:30etik 20:30era, Oñatiko plazako pilotalekuan, ekitaldia aurrera eramatea baimendu zion.
Era berean, Udal gobernuak "probokazioetan ez erortzeko" deia egin die herritarrei. Beste eragile batzuek, sare sozialen bidez, "Oñatiko plazako inguruak husteko" deia egin dute asteon.
Antixena gaztetxetik, bestalde, 18:45ean plazan elkarretaratzeko deia egin dute. "Herritarren eta herriaren defentsan batzeko" deia egin dute, eta "aldarri, ikur eta zarata egiteko tresnak" eramateko eskatu diete bertaratu nahi dutenei.