ALBISTEAK

Zer dago baimenduta 'normaltasun berrian'?

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 19a, 11:25

Oro har, normaltasun berrian kontuan hartu beharreko neurriak 1,5 metroko distantzia mantentzea eta espazioen edukiera  %60ra mugatzea dira.

Neurriak ez dira gehiegi aldatu hirugarren fasetik gaur abiatu den normaltasun berrira, hala ere, badaude baimendu dituzten hainbat jarduera eta malgutu dituzten beste horrenbeste.

Pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izango da, eta hori bermatu ezin denean, maskarak erabili beharko dira. Gainera, orain arte bezala, maskarak nahitaezkoak izango dira garraio publikoan. Higiene neurriak bermatzeko ardura norbanakoarena izango da halako egoeretan, baina zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeetan, jarduera ekonomikoaren titularrak edo Zuzendaritzak bermatu beharko du garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzen direla. Testuinguru horretan, esku-diruz ez ordaintzea lehenetsiko da.

Edukierari dagokionez, establezimendu eta instalazioetan baimendutako edukiera estandarra %60koa izango da –langileak barne–, eta pertsonen arteko distantzia errespetatzen dela direla ziurtatu beharko dute arduradunek. Bestetik, lokalak bi ate edo gehiago baditu, sartzeko eta irteteko erabilera desberdina ezartzea lehenetsiko da.

Salbuespenak eta aldaketak hainbat kasutan

Neurriak malgutu diren arren, osasun adituek maskarak erabiltzen jarraitzea eta eskuak sarritan garbitzea gomendatu dute.

Dendak, merkatuak eta merkataritza zentroak

Edukieraren %100a baimenduko da dendetan eta baita merkataritza-zentroetan ere, betiere 1,5 metroko distantzia bermatzen bada. Halere, merkataritza zentroek espazio komunak eta jolas-guneak badituzte edukieraren %60 errespetatuko da horietan.

Bestalde, bide publikoan egiten diren azoken edo merkatuen kasuan, ezin izango dute ohiko edo baimendutako postuen % 60 gainditu, eta bezeroen joan-etorria mugatu egingo da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaiola ziurtatzeko. Gainera, lehentasuna emango zaie 65 urtetik gorako herritarrei.

Formakuntza-zentro eta liburutegiak

Akademietan, autoeskoletan, euskaltegietan edota arautu gabeko prestakuntza-zentroetan aurrez aurreko saioak egiteko 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko da, baina gehienez 25 lagun egon ahalko dira gelan. Bestetik, ibilgailuak erabiliz gero, maskara nahitaezkoa izango da beti, erabiltzaile guztientzako.

Liburutegien kasuan, edukiera ezingo da %60 baino handiagoa izan. Ikasteaz edo irakurtzeaz gain, baimenduta dago baliabide teknologikoak erabiltzea eta baita online katalogoak, liburutegiko fitxetako katalogoak eta argitalpen elektronikoak kontsultatzea ere.

Kontzertuak, erakusketak eta gainerako kultur eskaintzak

Museoetan, erakusketa-aretoetan, antzokietan, zinemetan, zirkuetan, kontzertuetan eta bestelako kultura-jardueretan, edukiera % 60koa izango da gehienez, eta segurtasun distantziak errespetatu beharko dira –eta ezin denean, maskara erabili–.

Bestetik, aire zabalean egingo diren jardueretan ere %60ko edukiera errespetatu beharko da, eta gehienez 1.000 lagun elkartu daitezke, 1,5 metroko distantzia bermatuz gero. Horri lotuta, baimenduta daude, erromeriak, musika- edo dantza-erakustaldiak eta ikuskizun ibiltariak egitea. Kasu horietan, aldez aurretik espazioa edo ibilbidea mugatuko da, gainerako neurri estandarrak betetzeko.

Elkarte gastronomikoak edo txokoak

Ez da edukierari edo jarduerari dagokionez mugarik egongo, baina segurtasun-distantzia bermatu beharko da mahaikideen artean eta mahaien artean.

Hotelak, ostatuak eta landa etxeak

Turismo-ostatuetako eremu komunetan 1,5 metroko distantziari eutsi beharko zaio, eta animazio-jarduerak edo talde-jarduerak gehienez 25 lagunentzako egin beharko dira.

Diskotekak eta gaueko aisialdia

Establezimenduek ezingo dute beren edukieraren % 60 gainditu, eta dantza-pistak ez dira erabilgarri egongo.

Hondartzak, igerilekuak eta bainurako lekuak

Edukiera eta distantzia neurriak errespetatu beharko dira; baita uretan ere. Eta hondartzen kasuan, bertan egoteko denbora neurtuko da, "edukiera kontrolatzea errazteko".

Parkeak eta kirol-guneak

Udalek izango dute haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak kudeatzeko eta arautzeko ardura. Orokorrean, erabiltzeko baimena dago, baina pertsona bakarra egon ahako da lau metro karratuko.

Kirola taldeka eta instalazioetan

Kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean –federatuta egon edo ez–, kontaktu fisikorik gabe eta gehienez 30 pertsonako taldeetan. Instalazioei dagokienez, edukiera- eta distantzia-neurri orokorrak errespetatu beharko dira, eta aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera ere egongo da.

Beilatokiak, ehorzketak eta gurtza lekuak

Beilatokietan gehienez 65 pertsona egon ahalko dira aire zabaleko espazioetan eta 30 espazio itxietan, eta errausketarako, ehorzketarako edo agurrerako jarraigoan parte hartuko dutenen zenbatekoa 75 pertsonara mugatuko da. Bestetik, gurtza tokietan ezingo da edukieraren % 75 gainditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak