Jaurlaritzak bukatutzat eman du hiru hilabete iraun duen alarma egoera

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko eka. 19a, 08:06

Aretxabaletako jolas parke bat zabaltzeko zain.

Gaur, egubakoitza, indargabetu du Eusko Jaurlaritzak alarma egoera, eta, beraz, EAE 'normaltasun berria' deiturikoan sartu da gauerdian. Hala, txertoa iritsi bitartean, musukoa derrigorrez erabili beharko da 1,5 metroko tartea mantendu ezin denean.

Gauerdian sartu da Euskal Autonomia Erkidegoa normaltasun berria deiturikoan, eta horrek hainbat neurri deuseztatzea ekarri du. Esaterako, ez da elkartzeko pertsona kopurua mugatuko. Aurrerantzean, halere, herritarrek maskara erabiltzen jarraitu beharko dute leku itxietan eta 1,5 metroko segurtasun distantzia mantendu ezin duten leku publikoetan. Horrez gain, jende pilaketak saihestu beharko dituzte, eta garbiketa neurriei garrantzi berezia ematen jarraitu beharko dute.

Enpresetan, ostalaritzan eta garraio publikoan neurriak hartzen jarraitu beharko dute gaurtik aurrera ere, langileen zein bezero edo erabiltzaileen distantziak mantenduz, sarrerak eta irteerak kontrolatuz eta garbiketa zorrotz mantenduz.

Hirugarren fasean moduan, joan-etorriak erabateko askatasunez egin ahal izango dituzte herritarrek EAE barruan, eta orain, baita Kantabriara ere, fase berrian sartu baita probintzia hori ere. Ipar Euskal Herriarekiko mugari dagokionez, domekan, hilaren 21ean, irekiko dute. Nafarroako muga zeharkatzeko, berriz, astelehenera arte itxaron beharko dute herritarrek, orduan indargabetuko baitu alarma egoera Txibiteren Gobernuak.

Hiru hilabete hauetako hamar mugarri

Hona hemen hiru hilabete hauetako mugarri esanguratsuenak:

  • • MARTXOAK 3 Lehen COVID-19 kutsatua baieztatu zuten Debagoienean.
  • • MARTXOAK 12 Bailarako ikastetxe guztiak itxi zituzten, Jaurlaritzaren aginduz.
  • • MARTXOAK 15 Alarma egoera indarrean jarri zuen Espainiako Gobernuak.
  • • APIRILAK 9 Kutsatu kopuru altuena izandako eguna izan zen bailaran: 29 kutsatu baieztatu zituzten 24 ordutan, horietatik 26 Arrasaten.
  • • APIRILAK 26 Umeak kalera irten ahal izan ziren, konfinamenduaren ostean.
  • • MAIATZAK 2 Ia bi hilabeteko itxialdiaren ostean, jarduera fisikoa egiteko baimena izan zuten debagoiendarrek.
  • • MAIATZAK 11 Konfinamendua arintzeko lehen fasea hasi zen.
  • • MAIATZAK 25 Konfinamendua arintzeko bigarren fasea hasi zen.
  • • EKAINAK 8 Hirugarren fasea hasi zen, eta Eusko Jaurlaritzak hartu zuen erabakiak hartzeko eskumena.
  • • EKAINAK 19 Gaur, egubakoitza, alarma egoeratik irten da Euskal Autonomia Erkidegoa, eta "normaltasun berria" deiturikoan sartu da.

Orain arteko kutsatuak Debagoienean:

Herriak Positiboak metatuak 100.000 biztanleko kutsatze tasa
Arrasate 248 1.126,30
Aretxabaleta 62 887,36
Bergara 54 369,96
Oñati 50 441,11
Eskoriatza  15 367,01
Elgeta  8 704,85
Antzuola  7 327,72
Aramaio  5 337,15
Leintz Gatzaga 0 000,00
Guztira  449 701,45

GSR Debagoienako egoiliar bakarra geratzen da kasu positibo moduan

Debagoieneko egoera epidemiologikoari dagokionez, kutsatu kopurua nahiko egonkortuta egon da azken asteetan, baina agertu dira kasu bakanen batzuk. Deigarriena Aita Menni ospitalekoa izan da. Izan ere, aurreko zapatuan, administrazio arloko lau langilek eta babespeko etxeetako batek positibo eman zuten PCR proban, eta ikerketa abiatu zuten. Asteon, probak egin dituzte berriro, baina emaitzen zain daude, Iñaki Revuelta komunikazio arduradunak azaldu duenez. "Bost kutsatuekin kontaktuan egondako langile zein pertsonei ere probak egin dizkiete eta laster jakinaraziko ditugu emaitzak. Onak badira, normaltasuna berreskuratuko dugu Aita Menni ospitalean", azpimarratu du. Era berean, gaineratu du bestelako probetan ere ez dutela positiborik baieztatu aste honetan ospitalean.

Nekane Murga Osasun sailburuak, bestalde, azaldu du egoerari jarraipena egiten ari direla, Debagoienean foku berririk ba ote dagoen jakiteko.

Adinekoen egoitzei erreparatuta, orain arte, Arrasateko Iturbide egoitzan 55 sendatu eta 26 heriotza izan dira guztira; Eskoriatzako Jose Aranan, bi sendatu; eta Aretxabaletako GSR Debagoienan, 31 sendatu eta zazpi heriotza. Kasu aktibo bakarra geratzen da Aretxabaletakoan, Eibarko ospitalean. Bergarako Mizpirualde eta Oñatiko San Martin egoitzetan ez dute kasu positiborik baieztatu krisia hasi zenetik.

Udalekuak egiteko irizpideak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak

Aurtengo udalekuak eta aisialdi jarduerak egiteko arauak azaldu ditu Eusko Jaurlaritzak. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi duenez, jardueren arauketa astialdiko erakundeek, foru-aldundiek eta udalen sareek eginiko ekarpenak "egiaztatu eta batu" ostean egin dute.

Modu horretan, eguneko udalekuetan nahiz gauak igarotzeko udalekuetan, parte-hartzaile kopurua %60ra murriztuko da –aire zabalean, espazio itxietan eta jantokietan–. Hala ere, aire zabaleko jardueretan gehienez 200 parte-hartzaile egon ahalko dira, eta espazio itxietan, 80 –bi kasuetan, monitoreak barne–.

Kontuan hartu beharko da, gainera, jarduerak garatu bitartean parte-hartzaileek gehienez hamabost pertsonako taldeetan egon beharko dutela, eta kiroledo arte-jarduerak kontakturik gabe eta publikorik gabe egin behar direla.

Jantokietan, jankideen artean bi metroko distantzia egon beharko da, eta txandak ezarri beharko dira –edo manparak jarri–. Jantoki irekien kasuan, berriz, 1,5 metroko distantzia ezarriko da, eta pertsona bakoitzak bere plateretik jan beharko du.

Gaua pasatzeari dagokionez, ohatzea erabiltzen bada, pertsona bakarrak egingo du hor lo. Gutxienez, bi metroko distantzia gordeko da ohe okupatuen artean, edo barrera-neurriak jarriko dira. Kanpadenden kasuan, denda bakoitzeko pertsona bakarrak baino ezingo du bertan lo egin. Halere, parte-hartzaileak bizikideak badira, denda bera erabili ahalko dute.

Bestalde, jolas-parkeak irekitzen hasi dira asteon Hego Euskal Herriko hainbat herritan; Ataunen, esaterako. Debagoienean, halere, ez dute oraindik jolas-parkerik ireki. Udalak aukerak aztertzen ari dira, eta datorren astetik aurrera erabaki zehatzagoak hartzen hasiko dira. Oñatin, adibidez, jolasparke batzuk garbitzen hasi dira kale garbitzaileak.

Martxan dira eguneko zentroak ere, edukiera mugatuarekin

Eguneko zentroak ere hasi dira eguneroko martxa hartzen. Aramaiokoak, esaterako, astelehenean ireki zituen ateak, erabiltzaile erdiekin. "Zortzi dira, baina lauko bi talde egin ditugu, eta egunaren arabera talde bat edo bestea etortzen da zentrora. Ekainaren 29ra arte horrela jarraituko dugu, eta gero ikusiko dugu zortzi erabiltzaileak elkarrekin etorri ahal izango diren edo ez", azaldu du Karmele Barrutia langileak. Zentroaren distribuzioa aldatu egin dute. "Mahaiak distantzietara egokitu ditugu. Lehen, hiru mahai genituen bata bestearen ondoan, eta ekintzak eta jatorduak han egiten genituen, elkarrekin. Orain, mahai bakoitzean bi pertsona egon daitezke, gehienez, eta mahaiak sakabanatuta. Gu maskarekin ibiltzen gara eta erabiltzen dituzten material guztiak garbitu egiten ditugu. Gainera, orain, bakoitzak bere materiala dauka, izenarekin", gaineratu du Barrutiak.

Oraingoz, guztiak "pozik" daudela dio. "Kontu-kontari ari dira, gauza asko dituzte elkarri kontatzeko, eta pozik daude. Oro har, poztasun giroa da nagusi zentroan", nabarmendu du.

Elgetakoa, bestalde, ekainaren 8an zabaldu zuten. "Mahai berri batzuk, hankak desinfektatzeko alfonbra berezi bat, eta abar jarri ditugu, eta eguneko zentroaren eta garraioaren berrantolaketa ere egin dugu, besteak beste", azaldu du Naiara Unamuno Gizarte teknikariak.

Duela bi aste, bost pertsonarekin hasi ziren funtzionatzen, nahiz eta zazpi plaza dauden onartuta. "Seigarren pertsona sartzeko itxaroten gaude, Gipuzkoako Foru Aldundiak abisatu arte", nabarmendu du Unamunok.

Jangela zerbitzua geldi daukate. "Itxaroten ari gara zerbitzua martxan jartzeko, ikusi arte ea nola moldatzen garen espazioaren berrantolaketarekin".

Bergaran datorren astean hasiko dituzte epaiketak, neurriekin

Bergarako epaitegian, fasez fase itzuli dira lanera. "Hasieran, guardiako epaitegiko langilea bakarrik etortzen zen, eta beste epaitegietako langileak txandakatzen etortzen ginen. Horren ostean, langileen %30-40 itzuli ginen lanera; gero, %60-70; eta aurreko astetik, langile guztiok", azaldu du Nerea Amalur epaitegiko kudeatzaile prozesalak.

Ekainaren 4an, etenda zeuden epe prozesal guztiak martxan jarri zituzten berriz, eta hilaren 8tik aurrera, epaiketarako egunak jartzen hasi ziren, deklarazioak eta delitu arinei buruzko epaiketenak. "Halaber, datorren astetik aurrera, lehenengo epaiketak egiten hasiko dira".

Egunerokoan hainbat neurri hartzen ari dira. "Musukoarekin sartu beharra dago, eta sartzerakoan eskuak garbitu. Normalean, zitazioa ordu jakin baterako izanik, bost minutu lehenago uzten zaie sartzen, eta behar den hori egiteko bakarrik. Epaiketak egiten hasten direnean ere, kanpoan zain egon beharko dute. Marra batzuk jarri ditu Udalak, itxoiterakoan distantzia mantentzeko". Horrez gain, mostradoreetan panelak jarri dituzte, bezeroekiko kontaktua saihesteko. Modu berean, deklarazioak epaiketa geletan egiten dituzte orain, maskarekin.

Amalurrek nabarmendu duenez, ez dute lan pilaketarik sumatu. "Beste epaitegi batzuetan, hiriburuetan-eta, bai, baina Bergarakoan ez dugu nabaritu lana pilatu zaigunik eta ez dugu demanda askorik pilatuta. Hau, beste batzuekin konparatuta, epaitegi lasaia da", dio.

Arrasateko eta Oñatiko bake epaitegietan, Eusko Jaurlaritzaren neurrien zain jarraitzen dute oraindik. "Ez dakigu nola jokatu behar dugun", dio Arrasateko epaitegiko langile batek. Halaber, Oñatiko langile batek dio espero dutela astelehenean informazio gehiago iristea. Ehorzketa lizentzietarako edota heriotzen idatzoharrak egiteko aritu dira lanean gehienbat. "Une oro egon da langile bat telefonoa hartzen, baina ez dugu ohiko zerbitzurik eman. Deitzen zigutenean, esaten genien ezin genuela zerbitzurik eman eta hau guztia pasatakoan deitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak