2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrera normaltasun berria sartuko da indarrean. Gaur jakinarazi du hori Jaurlaritzak Ezohiko Gobernu Kontseilua egin ostean. Erkorekak azaldu duenez, indarrik gabe geratuko dira alarma-egoeraren deklaraziotik sortutako neurriak: "Eusko Jaurlaritzak arlo sanitarioko zein osasun publikoko txostenetan oinarrituz hartu du erabaki hori; izan ere, txosten horiek adierazten dute osasun- eta epidemiologia-egoeraren arabera, Euskadin gainditutzat jo daitekeela Deskonfinamendu Planeko III. Fasea".
Arantza Tapia sailburuak azaldu ditu egoera berriko neurriak zeintzuk izango diren, eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin du: "Egoera desberdina izango da; bizi berria… Baina, prudentzia, zuhurtasuna, eta errespetua bermatu beharko ditugu". Biziberri planak dioenari jarraituz, eskuak sarritan garbitzea eta maskarak erabiltzea funtsezkoa izango da –eta kasu batzuetan nahitaezkoa–. Bestetik, oro har, 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko da beti, eta espazioen edukiera %60ra murriztu beharko da.
Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, mugak desagertu egingo dira, eta hilaren 21etik aurrera, Ipar Euskal Herrira edo Nafarroara igarotzea baimenduko da. Bestetik, Kantabriara gauerditik aurrera igaro ahalko da. Gainera, besteak beste, igogailu publikoak erabiltzea ere baimenduko dela iragarri du Tapiak, eta baita diskotekak irekitzea ere –betiere distantzia eta edukiera arauak errespetatuta–.
Osasun egoeraren balorazio positiboa
Nekane Murga osasuneko sailburuak bere aldetik adierazi du, "osasun berme guztiak" daudela hurrengo pausua emateko eta Osasun Sailaren arabera egoera epidemiologiko eta asistentziala "ona" dela. Halere, normaltasun berrian arretaz jokatu beharko dela azaldu du, mugikortasunak "arriskua" ere badakarrela iritzita. Horri lotuta, Osakidetzaren lana balioan jarri du, eta profesionalek "gaitasun handia" erakutsi dutela esan du: "Egoera kontrolpean izateko gaitasuna erakutsi du Osakidetzak, eta horren adibide da azken bi fokuei emandako erantzuna: 10 egunetan, 6.000 PCR proba egin dituzte".
Josu Erkoreka Gobernuaren bozeramaileak Murgak esandakoari jarraitu dio, eta bihartik aurrera ere prebentziorako eta auto-babeserako neurriak hartu beharko direla azpimarratu du: "Neurriak hartzen jarraitu beharko dugu txertoa eduki arte".