Bi hilabeteren ostean, jardunaren zati bat berreskuratzen hasi dira apurka. Lehenik, langile batzuk Bergaratik Dulantzira eramateko zerbitzua eman ahal izan zuten eta orain, atzo ezkero, DBHko eta Batxilergoko hainbat ikasle Antzuolatik eta Elgetatik Bergarako Ipintza institutura eramaten dituzte egunero. Izan ere, ikasleak, errefortzuekin hasi dira ikasturte bukaeran, eta datorren egubakoitzera arte ariko dira klase presentzialak jasotzen, haietako batek azaldu duenez.
Autobusetan segurtasun neurri guztiekin dihardute, garbitasuna zorrotz mantenduz eta distantzia tarteak errespetatuz. Momentuz, edukieraren erdia erabili dezakete, baina espero dute astelehenetik aurrera autobus osoa bete ahal izatea. Gainera, ikasleak bakarrik ez, talde txikiak hartzen ere hasi dira.
Aurrera begira, ez daude oso baikor, eta etorkizun iluna ikusten dute, diotenez, haiek bakarrik ez, sektore osoak pairatu dituelako bete-betean krisiaren eraginak. Hala ere, adierazi dute taldean eta elkartuta jarraitzea dela egoera horretatik ateratzeko modu bakarra, eta bezeroei jakinarazi diete haien zain egongo direla, besoak zabalik.