Zenbat autobus dituzue?
Guztira, hamabi; zazpi handi eta beste bost txiki. Orotara, hamabi langile ari gara enpresan. Horien artean, hiru anai-arrebok. Langileetako batzuk jardun osora eta beste batzuk erdira. Egunero-egunero, bederatzi ari gara.
Zein da zuen lan ohikoena?
Astean barrena, batik bat, eskola bidaiak egiten ditugu Eusko Jaurlaritzarendako, eskola publiko zein ikastola kontzertatuendako. Horretaz gain, enpresei ere eskaintzen diegu zerbitzua. Asteburuetan, aisialdi bidaietan –sagardotegi, upategi, ezkontza…– zein Arrasate, Bergara eta Aretxabaletako kirol klub nagusiendako aritzen gara.
Nola eragin dizue geldialdiak?
Bat-batean etorri zen jaitsiera. Martxoaren 13an utzi genion eskola bidaiak egiteari. Asteburuan, 14an eta 15ean, sagardotegietarako dena hartuta geneukan, baina bertan behera geratu zen dena. Martxoaren 16a izan zen gure azken laneguna, enpresak ere geratu zirelako.
Ez diozue berriro ekin?
Maiatzaren erdialdean izan genuen Bergarako Lacor enpresaren eskaera bat. Dulantzin dute logistika-biltegia, eta Internet bidezko salmenta eskaera handi bati erantzun ahal izateko hasi ginen Bergaratik Dulantzira egunero garraiatzen langileak. Egunean bi zerbitzu egiten ditugu. Ideia bat egiteko, dena geratu aurretik, astean barrena, egunean, 50 edo 60 zerbitzu egiten genituen. Gaur egunean ari gara egiten krisiaren aurretik egiten genuen guztiaren %2.
"Bergarako Ipintza institutura eroango ditugu ikasleak Elgetatik eta Bergaratik, selektibitaterako prestatzeko"
Eskola garraioa ez duzue berrabiaraziko datorren ikasturtera arte?
Oraingoz, atzo, eguena, hasi eta ekainaren 15era arte, Bergarako Ipintza institutura eroango ditugu ikasleak Elgetatik eta Bergaratik. Selektibitaterako prestatzeko. Autobus bana, joan-etorria. Bestela, datorren ikasturtera arte itxoin behar. Lehen, eskolako joan-etorriak ziren gure lan jardunaren %65 eta gainerakoa fabriketarakoa.
Aisialdi bidaiak egiten hasi zarete?
Justu bihar, zapatua, izango dugu lehen bidaia. Antzuolako zazpi laguneko kuadrilla batek kontratatu gaitu Getariara jatetxe batera eroateko. Sekulako ilusioa egin digu.
Ze babes neurrirekin ari zarete?
Gaur egun, edukieraren erdiarekin. Aulki batzuk prezintatuta. Gelak ere badarabiltzagu. Eta maskararekin etortzea eskatzen diegu bidaiariei, derrigorrezkoa da eta. Badirudi astelehenetik aurrera bus bidaietan ez dela izango edukiera mugarik.
Ekainaren 8tik aurrera asteburuetako lan jarduera berrabiarazi daitekeela uste duzue?
Zaila izango da. Jende asko dago ERTE egoeran edo ziurgabetasun handiarekin lanagatik. Asko kostako zaigu normaltasunera itzultzea. Irailean-edo, akaso…
"Autobusak puntuan izateko egunero arrankatzen, bateriak kendu eta ipintzen, garbitzen…, halakoetan aritu gara"
Geldi egon zareten hilabete hauetan zertan aritu zarete?
Langileak ERTE partzialean izan ditugu. Bestalde, nire anaiak tailerrean: autobusak puntuan izateko egunero arrankatzen, bateriak kendu eta ipintzen, garbitu eta garbitu, barrutik zein kanpotik… halakoetan.
Jaurlaritzari eskaintzen zenioten zerbitzua eten egin zela-eta kalte-ordainik jasoko duzue?
Kontratuak bertan behera geratu ziren. Diru hori berreskuratu egingo dugula uste dugu.