Ikasgeletara itzulera: ziurgabetasuna eta zalantzak nagusi

Jone Olabarria 2020ko mai. 15a, 07:55

Era presentzialean eskoletara itzultzeko aukera zabalik eta ikastetxe bakoitzaren esku utzi du Eusko Jaurlaritzak asteon. Atzo zehaztutako itzulera planaren arabera, maiatzaren 25etik aurrera hasi daitezke bailarako ikasleak eskoletara bueltatzen.

Ikastetxeetara era mailakatuan itzultzeko plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 7an. Bertan zehaztu zutenez, maiatzaren 18an, batxilergoko 2. mailako ikasleak, Goi Mailako Lanbide Heziketakoak –1. eta 2. mailak– eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailakoak ziren itzultzekoak eskola presentzialetara. Astebete geroago, hilaren 25ean, DBHko 4. mailako ikasleak, batxilergoko 1. mailakoak eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak itzuliko ziren.

Asteon, ordea, atzera egin, eta ikasleak jardun presentzialera itzultzeko erabakia ikastetxeen esku utzi du Jaurlaritzak. Erabakiak hezkuntza komunitatean sortutako nahaste eta ezjakintasuna ikusita, itzulera maiatzaren 25era atzeratzeko erabakia hartu zuen atzo Jaurlaritzak. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zehaztu duenez, "argitasuna eta segurtasuna emateko helburuarekin" hartutako erabakia izan da. Gaineratu duenez, Jaurlaritzak ez du eskolak irekitzeko beharrezkoa duen zehazketa juridikorik jaso oraindik Espainiako Gobernutik. Egoera horretan, datorren maiatzaren 25ean ikasgeletara itzuliko diren erabaki beharko dute orain ikastetxeek.

"Erantzukizun falta"

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek ohar bateratua argitaratu dute, ikasgeletarako itzulera ikastetxe bakoitzaren ardurapean uzteko erabakia salatuz, eta Hezkuntza Sailari "bere ardurak" bere gain hartzea eskatu diote: "Ikastetxeekin landu gabeko neurri hori abian jartzeko neurrigabeko ardura maila ezarri diete ikastetxeei". Era berean, langile eta ikasleen "osasuna bermatzeko baldintzarik" ez dagoela azaldu dute.

Planak Hezkuntza Komunitate osoaren "gaitzespena eta kritika" jaso duela salatu dute sindikatuek. Bide horretan ere bat etorri da Kristau Eskolak elkartea, eta Hezkuntza Sailari ikasgelak maiatzean ez zabaltzea eskatu dio.

Euskal Herriko eskola publikoko gurasoen konfederazioaren (EHIGE) iritziz ere, berme juridikorik eta segurtasun-bermerik ez dagoen bitartean ikastetxeetan eskola presentzialetara itzulera ez litzateke gauzatu behar. Ikastolen elkartetik ere erabakiak hartzeko "ikaslea erdigunean izan beharra" azpimarratu, eta baldintza soziosanitarioak ere kontuan hartu behar direla azaldu dute.

Bailarako ikastetxeak

Egoera honetan, neurri eta arauek ikastetxe bakoitzari eragiten diote, zuzen-zuzenean. Bailarako ikastetxeetan, ezjakintasuna eta zalantza nagusi izan dira asteon, baina bat etorri dira; erabaki "zaila" da zentroentzat, erantzukizun handikoa, eta Jaurlaritzatik jakinarazpen ofizialik jaso ez izana salatu dute hainbatek.

Jaurlaritzaren atzoko neurriak sorpresaz hartu zituen erabaki bat hartzeko lanean ari ziren ikastetxeak. Hainbatek, baina, hartuak zituen erabakiak ordurako. Bergarako Aranzadi Ikastolan, esaterako, ez zuten aurreikusten bigarren batxilergo mailako ikasleak astelehenean, hilak 18, eskola presentzialetara itzultzea. Bertako zuzendari Agurtzane Loidiren esanetan, egoera ez zegoen batere argi: "Ebaluazioa online egitea aurreikusten dugu. Definituta genuen selektibitatea prestatzeko saio presentzialen batzuk egitea, egutegia finkatuta, baina dena dago zalantzan, egoera oso aldakorra da".

Mariaren Lagundia Ikastolan ere ez zuten aurreikusten itzulera. Gotzon Iparragirre zuzendariak azaldutakoaren arabera, maiatzaren 25etik aurrera Lanbide Heziketako hainbat ikasle itzultzea aurreikusten zuten, praktikak eta proiektuak lantzeko, astean behin. Baina benetako erronka irailekoa izango dela aitortu dute. Ipintza institutuaren eta Miguel Altuna lanbide ikastetxearen kasuan, oraindik erabakirik hartu ez zutela adierazi zuten atzo eguerdian, baina, badaezpada, prestaketa eta desinfekzio lanetan aritu direla.

Oñatiko kasuan, Zuzazola Larrañako zuzendari Itziar Agirrek adierazi zuen ez zela haien asmoa astelehenean ikasleak itzultzea. Dena den, selektibitatea prestatu eta Lanbide Heziketako praktika batzuk egiteko, babes neurriekin, eskola presentzialak egitea aurreikusten dute aurrerago. Elkar Hezi ikastetxean eta Txantxiku ikastolan bat etorri dira esaten "ardura handiko" erabakia dela eta aitortu dute online metodologiarekin "oso ondo" moldatu direla. Ez batean ez bestean atzo eguerdian ez zuten erabakirik hartuta.

Arrasate institutuan ez zuten itzulera maiatzean zehar egitea aurreikusten eta kurtsoa online bukatzeko prest daudela adierazi du Maite Lasa zuzendariak. Arizmendi Ikastolan egoera aztertzen eta plan zehatza definitzen ari direla jakinarazi dute, baina, atzora arte, ez dute erabaki zehatzik. Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoan, aldiz, itzulera gauzatzen hasteko asmoa zuten datorren astean, eta, Gorka Aretxaga Lanbide Heziketako arduradunak azaldu zuenez, plangintza bat prestatzen zebiltzan, praktikak egiteko.

Aretxabaletako Kurtzebarri institutuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arteko eskaintza dutenez, datorren astean zuten erabakia hartzeko asmoa. Lanbide Heziketari dagokionez, Aretxabaleta Lanbide Heziketan ez zuten erabakirik jakinarazita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak