Neurriak eragin zuzena izango du Gipuzkoako udaletan, izan ere, udalen finantzaketaren diru iturri nagusienetarikoa da funtsa. Foru erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera, zerga bilketa orokorra %20 eta %25 artean jaitsiko da aurreko urtearekin alderatuta, eta, ondorioz, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztea erabaki dute diputatuek.
Foru Funtsaren %20ko zuzkidura hori murrizteak, aurreikusita zeuden 536 millioitik, 429 milioi eurotarako murrizketa eragingo du. Hurrengo taulan 2020rako Debagoieneko udalek zuten aurrekontuan neurri berriak izango duen eragina islatzen da. Lehenengo zutabean, aurtengo urterako aurrikusitako diru-sarrerak adierazten dira, eta hurrengoan kopuru horri %20ko murrizketa aplikatuz gero geratzen den zenbatekoa.
UDALERRIA | 2020ko aurreikuspena | 2020ko maiatza | Murrizketaren zenbatekoa |
ANTZUOLA | 1.540.531,84 | 1.232.425,47 | 308.106,37 |
ARETXABALETA | 5.069.358,81 | 4.055.487,05 | 1.013.871,76 |
ELGETA | 825.651,35 | 660.521,08 | 165.130,27 |
ESKORIATZA | 2.974.181,84 | 2.379.345,47 | 594.836,37 |
ARRASATE | 16.003.671,37 | 12.802.937,10 | 3.200.734,27 |
OÑATI | 8.251.166,38 | 6.600.933,10 | 1.650.233,28 |
LEINTZ-GATZAGA | 238.887,78 | 191.110,22 | 47.777,56 |
BERGARA | 10.591.592,99 | 8.473.274,39 | 2.118.318,60 |
Debagoiena GUZTIRA | 45.495.042,36 | 36.396.033,88 | 9.099.008,48 |
Bestetik, Aramaioren kasuan, Arabako Foru Aldundiak oraindik ez du publikoki iragarri horrelako neurririk abiatuko duenik.
Apirileko zerga bilketa
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko urtean baino 273 milioi euro gutxiago bildu ditu dagoeneko, eta apirilean zerga bilketa metatua %24,4 murriztu dela adierazi du. Guztira, 842,3 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2019an baino 272,7 milioi euro gutxiago batu dira: "Zifrak azaltzen duenez, sarreren arloan izandako beherakada nabarmena da".