Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, Aldundian doiketak egin dituzte aurrekontuetan –pandemiak eragindako krisia dela-eta–, baina orain, beste pausu bat eman behar dutela esan du, eta "udalen txanda" dela.
Foru erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera, zerga bilketa %20 eta %25 artean jaitsiko da aurreko urtearekiko, eta, ondorioz, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa ere murriztuko da; zehazki, %20. Gipuzkoan, 1.000 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusten da, eta orokorrean, Foru Aldundiak 200 milioi gutxiago izango ditu baliabide erabilgarritan: "EAEn indarrean dagoen finantza eredua arrisku partekatuaren printzipioan oinarritzen da eta, ondorioz, zerga bilketaren jaitsierak administrazio maila guztien finantzaketa higatzen du, udalak barne". Egoera horren aurrean, Mendozak esan duenez, doikuntzak egin behar izan dituzte "herritarrei beharrezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko".
Hartutako neurriak
Doiketetan, gizarte-politikak eta ekonomia-sustapena "lehentasunezkoak" izan direla esan du Mendozak: "Bi esparru hauek salbu, beste esparru guztietan egin ditugu doikuntzak. 200 milioi horietatik, 115 milioi inguru zorra berrituta eta gerakinetatik doitu ditugu; gainerako 85 milioiak gastuen murrizketa dira".
Udalen finantzaketaren diru iturri nagusienetarikoa Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa da, eta zerga bilketaren beherakadaren aurrean "eskemak aldatzea" beharrezkoa dela azaldu du foru bozeramaileak. Diputatuen Kontseiluak gaur onartu duen neurria, hortaz, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren zuzkidura %20 murriztea izan da; aurreikusita zeuden 536tik, 429 milioi eurotara.
Aste honetan, ezohiko Gipuzkoako Finantza Kontseilua egingo dute, udalek gaiaren iguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
EH Bilduren erreakzioa
Jaurlaritzak emandako berria dela-eta, EH Bilduk oharra argitaratu du Finantzaketarako Foru Funtsaren murrizketa salatzeko. Alderdiaren arabera, Aldundiak "aldebakarrez" hartu du erabakia, ez baitu udalekin eta Batzar Nagusiekin hitz egin. Bestetik, naurriak herritarrentzako "kaltea" dakarrela uste du EH Bilduk: "Udalek demostratu dute herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direla, eta krisi garaietan batez ere, lehen lerroan daudela herritarren beharrei erantzunak emanez". Horrez gain, oharrean gehitu dutenez, Gipuzkoako udalekiko eta organo ezberdinekiko "errespetu falta izugarritzat" jo dute erabakia Finantzen Kontseilua bildu aurretik hartu izana.