ALBISTEAK

Bi positibo bailaran; bat Elgetan eta bestea Oñatin

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 11a, 15:04

Azken orduotan, Gipuzkoan, ez dute positiborik atzeman PCR probek –beraz, egon diren positiboak test azkar bidez detektatu dituzte–. Orokorrean, hobera egin du joerak. 

Bi positibo berri atzeman zituzten bailaran, atzo 20:00ak arte egin ziren azterketek: bata Elgetan eta bestea Oñatin. Horrela beraz, guztira 433 dira Debagoienean orain arte gaixorik daudenen eta egon direnen zenbatekoa.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hego Euskal Herria

Lurraldeetako datuak aztertuta ere, behera egin dute kasu positiboek; 31 kasu berri daude Nafarroan, 16 Bizkaian, 18 Araban eta 2 Gipuzkoan; hala ere, Gipuzkoako datuei dagokienez, esan beharra dago datu guztiak ez datozela bat. Jaurlaritzak Open Data bidez partekautakoaren arabera, Gipuzkoan bi positibo berri atzeman dituzte, biak test azkar bidez. Horren arabera,bi test positibo egon direla ulertu daiteke, baina dokumentu berean, herrietako kasuak begiratuz gero, kasu gehiago daude. Hala, soilik Donostian, hamaika kasu baieztatu dituztela dio txostenak, eta beste hainbat herritan ere badaude positiboak, besteak beste, Elgetan, Oñatin, Irunen, Lasarten edota Tolosan. 

 Guztira, Hego Euskal Herrian dauden 67 positibo berriek, gaixotasuna jasan duten lagunen zifra 25.195era igo du. Bestetik, Koronabirusa garaitu duten azken herritarrak 128 izan dira; eta hortaz, guztira 17.788 dira dagoeneko errekuperatutakoak.

EAEko datuei erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzaren arabera, 1.866 pertsonari egin zizkieten probak atzo, eta horietatik 32 lagunek eman zuten positibo.  11 pertsonari PCR  probaren bitartez  atzeman zieten gaixotasuna, eta gainerakoei test azkarren bidez. Bestetik, azken orduetan hildakoak 5 izan dira, eta Nafarroan 2, guztira, beraz, 7.

Datu orokorrek erakusten dutenez, EAEn, guztira 103.889 pertsonari egin zaizkio probak –batekoak zein bestekoak–, eta guztira 17.709 gaixo egon dira. Koronabirusa izan duten horietatik %83,1 dagoeneko sendatu dira, %8 gaixorik daude oraindik eta %8 hil egin dira. Atzoko heriotzek EAEn hildako pertsonen zenbatekoa 1.423ra jaso zuten.

Erizaintzaren Nazioarteko Eguna

Bihar, maiatzak 12, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna da, eta horri lotuta, Osasun Sailak eskerrak eman nahi izan dizkie pandemia honetan herritarrak zaintzen ari diren erizainei, “beren ahaleginagatik eta konpromisoagatik”. Eman dituzten datuen arabera, 900 erizain baino gehiago mobilizatu dira Osakidetzan, kritikoen eta ospitaleratzeen unitateei laguntza emateko. Bestetik, langileek “etengabeko prestakuntza” egin dutela ere gehitu du Osasun Sailak: "4.971 erizainek COVID-19dun pazienteentzako zainketei buruzko ikastaroak egin dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak