Debagoienean zero kasu berri eta Hego Euskal Herrian ere gutxi izan dira egiaztatutako positiboak; 130 guztira. Lurraldekako datuak honela banatzen dira: Araban 32 kasu berri, Bizkaian 62, Gipuzkoan bi eta Nafarroan 34. Bestalde, 12 pertsona hil dira azken orduetan. Dagoeneko 1.673 dira Hego Euskal Herrian COVID-19 gaitzak jota hil direnak.
EAEko datuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak azpimarratu du, hildakoen datuak kontuan izan barik, gaurko zifrak positiboak direla. Eta honakoa gaineratu du: "Gaixotasuna izan duten hamarretik ia zazpi osatu dira edo senda agiria jaso dute". EAEn guztira, 9.840 dira ospitaleko alta jaso dutenak edo sendatu direnak. Hego Euskal Herrian, 11.758; horietatik 321 azken orduetan.
Ospitaletako egoerari dagokionez, EAEn 716 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 113 ZIUn. Hala, Murgak esan du ospitaletako egoera "arintzen" ari dela. Debagoieneko Ospitalean ez COVID-19 gaitza duen pazienterik, eta Iñaki Peña barne medikuak pasa den astean GOIENAri azaldu zioenez, kasu berriak beste ospitale batzuetara bideratuko dituzte.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Datuak herriz herri
Debagoienean ez da kasu berririk atzeman azken orduetan. Honenbestez, 370 dira orain artean bailaran egiaztatuko kasuak.
Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko kutsatze-tasa |
Arrasate | 219 | 994,60 |
Oñati | 44 | 388,18 |
Aretxabaleta | 44 | 629,74 |
Bergara | 42 | 287,75 |
Eskoriatza | 13 | 318,08 |
Antzuola | 4 | 187,27 |
Aramaio | 2 | 134,86 |
Elgeta | 2 | 176,21 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0,00 |
Bi ikerketa martxan
Pasa den astean iragarritako bi ikerketak aktibatu dituztela azaldu du Osasun sailburuak. Espainiako Osasun Ministerioaren enkarguz, Karlos III.a Unibertsitateak diseinatutako Seroprebalentzia ikerketa dagoeneko martxan dagoela esan du Murgak eta gaur-bihar egingo dituztela lehen hitzorduak. ESI bakoitzean osasun zentro bat edo bi dihardutela testok egiten azaldu du Murga sailburuak, eta horretarako, zentro bakoitzean lau edo bost pertsona bideratu dituztela, dagokion formakuntza emanez. Debagoienari dagokionez, Arrasateko osasun zentroan egingo dituzte proba horiek.
Ikerketaren helburua honakoa da: "Test serologikoen bidez jakitea, zenbat pertsonak gainditu duten COVID-19a eta zenbat dauden immunizatuta". EAEn 5.000 boluntario baino gehiagori egingo diote proba datozen asteetan. Murgak zehaztu duenez, serologia proba egiteko hitzorduen erdiak Bizkaian egingo dituzte, heren bat Araban eta gainerakoak Gipuzkoan. Ikerketaren emaitzei esker "immunitatearen mapa" osatzeko aukera izango dutela esan du, eta orain artean deitu zaien herritarrek agertutako "inplikazioa" eskertu du.
Bestalde, sintomak izan arren PCR proba egin ez zitzaien pertsonak ere aztertuko ditu Osakidetzak. Jaurlaritzaren helburua da jakitea ea benetan koronabirusa izan zuten ala ez. Lehen fasean 4.147 laguni egingo dizkiete probak eta modu horretan "gaixotasunak izan duen hedapenaren mapa bat" egin ahalko dutela esan du Murgak. Aurrez esandako moduan, azpimarratu du, test horiek boluntarioak izango direla, eta betiere, lehen sintomak izan zituztenetik berrogei egun igaro ostean egingo direla.
Haurrak kalera
Atzo izan zen 14 urtetik beherako haurrak kalera ateratzeko aukera izan zuten lehen eguna. Horri buruz galdetutakoan Murgak esan du, salbuespenak salbuespen, "balorazio ona" egiten duela. Lehen eguna izanik, haurrek segurtasun neurriekiko izan dezaketen ohitura falta aipatu du Murgak, eta gurasoei eskatu die "urruntze fisikoaren beharraz" jarduteko umeei.